Heldu dira. Jakin dugu gutxi gorabehera zenbat diru erabiliko den eta zertan; funtsean, aditzera eman dutenez, bizikidetzan eta hiria hobetzeko proiektuetan, bai eta Iruñea pilotaren munduko hiriburua izatearen aldeko ekimenean ere. Uste izatekoa da euskal pilotaz ari direla, hau da, “pelota vascaz”, federazioaren izenean ageri den bezala, hots, Nafarroako Euskal Pilota Federakuntza-Federación Navarra de Pelota Vasca.

Kontua da udal informazioan ez direla inon ere ageri “euskal” eta “vasca”. Oroitu erranairuaz. Izena duen guztia, bada. Hau da, izena badu, bada. Eta pilota molde horrek ere badu bere izena, baina ez da izendatzen; beraz, izenik ez balu bezala. Eta izenik gabe izanik ere ez. Izenarenak, hortaz, garrantzi handia du, ez da kontu hutsala. Duela gutxi ere, Udalak bere asmoaren berri eman du Arantzadiko etxe ospetsu baterako, “Arraiza etxerako”, Udalaren informazioaren arabera.

Hori ikusirik, Koldo Martinez Geroa Baiko zinegotziak udal barnean oroitarazi du etxearen izena “Aitaren Txoko” dela. Izen hori Eugenio Arraiza kulturgile iruindar euskaltzalearen aitak eman zion eta halaxe ageri da idatzia sarreretako batean. Argari lotutako bertze zenbait etxe-izen ere ez dira aspaldian aipatzen, guztiak ere Iruñekoak, denboraren joanak ahanzturara igorriak: Motxorro, Tipula, Etxezuri, Zubipunta…

Nolanahi ere, aurrekontuak “orekatuak, hedakorrak eta asmo handikoak” izanen dira. Beraz, espero izatekoa da horrek bere isla ere izatea udal alor eta zerbitzu guztietan; euskararenean, konparaziora. Badirudi, gainera, 2015eko legealdia ikasbide gertatu dela eta gobernuan diren udal taldeek eskarmentua dutela. Hortaz, indarrean den ordenantza aldatu gabe ere gauza aunitz egin daitezke eta, zer erranik ez, euskara zerbitzua giza baliabidez eta bitarteko teknologikoz behar bezala hornitzen bada.