Legealdiak joan legealdiak etorri, funtsean bere horretan dirau. Ez du konponbide errazik, eta kontrakoa diona edo uste makurrean da edo gezurra dio. 2015eko hartan, izan zen aitzinapausorik, saiakerarik, afera soka motzean lotzen hasteko. Aurrean daudenak, ordea, ez dira toki batera begira egotekoak eta, urak bezala, azkenean beti aurkitzen dute zirrikiturik beren asmoak bururaino eramateko eta babak eltzetik ateratzeko, beti erne diru-zantzuak aditzeko.

Kontua da San Nikolas gainez eginik, Putzuzurin barna ari direla zabaltzen, azal hau edo bertzea jantzirik, dela kafetegia, dela zukutegia, dela gozotegia, baina azkenean barren-barreneko mamia azaleratu eta, denboraren joanean, halako batean, atea ireki eta kasuan kasuko etxabea taberna bihurturik agertuko zaizu, Alde Zaharra tabernaz asea zegoelako uste ustelaz jabeturik. Orain ere harataxeago pausatu dute begirada eta lau haizetara iragarri dute halako jatetxe handia zabalduko dela Zapaterian, aurrealde eder bezain bitxiko etxe batean, ia tabernarik ez dagoen karrikan.

Bertzalde, ez da atzendu behar nola hedatzen ari den ostalaritza molde bat isilean, harrabotsik gabe, Alde Zaharreko bazter guztietan, hots, goizeko ordu txikiak arte edo ia lehen argi txintak iluntasuna urratzen hasi arte zabalik dauden kebab eta gisakoak, jan-edana etxera eramateko edo karrikan bertan jateko, bizilagunen amesgaiztorako, gauaren minean dena baita zalaparta, zikinkeria, zolda, janari-urrina, pizurrina. Ez da zerupean arazo hori moldatu duen legerik; ez behintzat, borondaterik ez badago.

Gainera, arau hau edo hura ezarririk ere, urteen joan-etorriak ederki erakutsi du ostalaritza erne dagoela lege orori iskin egiteko. Abenduaz geroztiko udal berriak badu hori moldatzen saiatzeko asmoa. Espero dezagun hemendik hiru urtera asmoa oraindik ere asmo ez izatea.