Joan den astean egun berezi bat oharkabean iragan zen, burutu berri diren hauteskundeetako emaitzen eta datuen balorazioek ordu guztiak jan zituztelako. Baina, hilaren 22an, Lurraren Eguna izan zen. Aurten, Planeta versus plastikoak lemaren bidez, gure osasunean gero eta kalte handiagoa sortzen ari diren mikroplastikoetan jarri nahi izan da fokua. Egia da gero eta plastiko gehiago ikusten dugula toki orotan, eta jakin gabe, gero eta gehiago irensten ari garela.

Horrexegatik, aurten tai gabe gorantz doan plastikoen kontsumoa eta ekoizpena gutxitzeko premiaz kontzientziatu nahi izan dute hainbat eragilek. Herrialde askotan nabariagoa da erabilera bakarreko plastikoak kentzeko ahalegin sutsua. Horixe izango da datozen urteetarako programatuko den ekintza zehatz bat, kontsumo arduratsua sustatzearekin batera.

Plastikoa gure egunerokoan dago txertatuta. Erosketa guztietan makina bat plastiko eramaten ditugu etxera, gero dagokion ontzian botako ditugu birziklapena burutu dadin. Baina birziklapen hori egiteko bidean, makina bat kilo galtzen dira, non amaitzen diren jakin gabe. Duela hilabete batzuk oso sonatua izan zen plastikozko pinporten agerpena itsasoan.

Toconao izeneko itsasontziak hainbat tona galdu zituen, eta bolatxo zuri horiek hondartza guztietan agertzen hasi ziren. Non egongo dira bolatxoak? Seguruenik, horietarik asko ur azpian, beste asko oraindik flotatzen, alderrai, korronteen jostailu, baina beste asko hondatzetan mimetizaturik izango dira, ur-bazterretan lotuak. Pinportatxo horiek kostaldean aurkitzea oso ohikoa zen, eta oso ohikoa izango da hemendik aurrera. Kontua da, zatitu eta desegiten direnean (posible bada), gure platerean jateko prest izango ditugun arrain goxoen parte ere izango direla, mikroplastiko bilakaturik, metal astunekin gertatzen den moduan. Hortaz, gaur egun, mikroplastikoek biodebertsitateari eta osasun publikoari ekar diezaieketen kaltea ez da nolanahikoa. Plastikoen ekoizpen masiboa amaitu behar da, bestela gure planeta zabortegi bilakatuko dugu laster batean.