Ziurtasunak eduki nahiko genituzke gure bizitzaren esparru guztietan, baita harreman pertsonaletan ere. Ezagutu dugun norbaitekin batera bide eder bat egin dezakegun jakin nahiko genuke aldez aurretik, ez digun huts egingo, etorkizunean ere berarekin egon nahi izango dugun, ondo aukeratzen ari garen... Ziurtasunak nahi ditugu, baina soilik planoa ezagututa etxea erosten dugunean bezala, ezinezkoa da jakitea nola sentituko garen eraikitako etxera lehen aldiz sartzen garenean. Ezinezkoa da jakitea simulazioan agertzen diren leiho zabal horiek benetan izango diren horrelakoak, argazkian hain erakargarri agertzen den egongela horrek benetan erakarriko gaituen aurrez aurre ikusten dugunean... Hala ere, horrela izan behar da, erabakia etxe horretara inoiz sartu gabe hartu behar dugu. Eta ez da erabaki erraza, apustu handia egiten ari gara eta. Harreman baten aldeko apustua egitea soilik planoa ikusi ondoren etxebizitza bat erostea bezalakoa da beti. Planoan agertzen dena berrestera edo gezurtatzera etorriko da ondoren errealitatea. Baina ziurgabetasun horrek ezin gaitu gelditu. Azkenean, harreman baten aldeko apustua fede ekintza bat da beti. Bizitzan ez dago zoru irmoaren gainean hartzen den erabakirik, erabaki bakoitza da itsu-itsuan egiten dugun apustu bat. Ona da hori onartzea, baita ez dagoela ezer beti berdin mantentzen denik, dena ari dela etengabe aldatzen, baita harremanak ere. Berreskuratzen diren harremanetan, adibidez, inoiz ez gara iraganeko leku berdinera bueltatuko, besteak beste, gu ere ez garelako jada garai baten izan ginen pertsona bera. Dena izango da beti ezberdin. Beti izango da misterio bat, apustu bat, arrisku bat. Beraz, etxearen (edo pertsona baten) planoa benetan gustatzen bazaizu, bizitza hobe batekin amesteko aukera ematen badizu, ez izan zalantzarik. Aurrera. Ez itxaron segurtasunei, ez baitira existitzen.