Iruñerriko harresietatik ikusten den Arriaundi mendiko kaskoan agertua, Larunben. Edo hobeki erran, Aranzadiko jendeak aurkitua. Inguru hori, gaur egun, Itza Zendea da, udalerriari dagokionez. Lehenago, Gulibar, hau da, Aginaga, Gulia, Zia, Ixurieta (egun, budisten eliza), Saratsate eta Larunbe herriek osatua. Hiru auzo Larunben: Oraien, Elizaldea eta Larraintziz. Iruñerriarekin mugakide. Ederra da zinez Larunbeko San Bizente eliza erromaniko-gotikoa.

Paretik abiatzen da Arriaundira doan bidea. Ibilbide politak egin daitezke inguru hartan, Beorburu gaineko Gorostietako leporaino, konparaziora. Arriaundiko gailurretik sekulako ikuspegia alde guztietara, Iruñerria oinetan: hamaika herri, hiriburuaren inguruan. Horietako bat Larrageta. Haratago, Oltza Zendeako Izkuen, bertze aldare-harri bat agertu zen, Itsacurrine jainko-izena zizelkatua zuela. Tontorretik, mendietan, zernahi ikusten da: Txurregi, Beriain, Aralar, Balerdi edo Mallo-zarra, Mendaur, Larhun edo Larrun. Baita Etxauriko mendate gaineko Larreaundi ermita ere.

Larreaundi gurtza-tokia, eta Arriaundi ere bai. Eta, zer erranik ez, Irulegiko mendi-lepo ospetsua. Bada, ulertu dudanez, Larrahe hitzak “h” letra aspiratua dauka eta, hain zuzen ere, horrexegatik lotzen da hitz hori euskara zaharrarekin edo baskoierarekin. Euskararen inguruko hizkuntza ezagunetan (zeltiberiera, iberiera, galiera...) ez zegoen aspiraziorik. Euskara zaharrean bai.

Larrahe, beraz, ez da aitzin-euskara, euskara zaharra baizik. Aitzin- dutenak (aitzin + hizkuntza izena) lekukoturik ez dauden ustezko eraikuntzak dira, hau da, historiaurrekoak (hizkuntzaren historiaren aurrekoak, alegia). Testigantzaren bat badago, aro historikoan sartzen da. Horra, beraz -Alkaiagako idazleak erran duen gisan- nola goazen harriz harri harri-ilara osatzen; bertze katebegi bat, alegia.