Duela bi urte tximino baztanga izan zen Euskal Herrian, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi zuenez hainbat kasu atzeman zituzten Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Aste hauetan gaixotasun horren presentzia areagotu egin da, eta horren ondorioz, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun larrialdia ezarri du nazioartean, Afrikan makina bat kasu eman baitira.
Irakurri ahal izan dudanez, Afrikako hainbat herritan (Ruanda, Kongo, Liberia, Burundi, Kenya, Hegoafrika,…) modu erasokorrean agertu da mpox deituriko birusa, baina dagoeneko, Afrikatik salto egin du, eta alarma ere Europa aldean piztu da. Txina herrian ere alertan daude (nola ez!), eta bertan hainbat neurri ezarri dira tximino baztangaren kasuak izan diren herrialdeetatik datozen bidaiarientzat. Bertan, horrelako gaixorik kausitu ez den arren, datozen sei hilabeteetan indarrean segituko dute neurri horiek, badaezpada.
Espainian ez dira herritarrak larritu nahi, baina horren kontrako estrategia bateratu bat adosten saiatzen ari dira, eta horretarako, Osasun Ministerioko arduradunak eta eskualdeetako gobernuetako ordezkariak bildu dira. Eta nola ez, arazo berri hori, mpoxen agerraldia, Pedro Sanchezen Gobernuaren eta PPk gobernatzen dituen erkidegoen arteko liskarra bihurtuko du ultra eskuinak, berriro ere, gobernua mintzeko eta ahultzeko xedez.
Halarik ere, azken egunetan, gaixotasunak sor dezakeen tentsioa baretzen saiatu da OME.
Gurera etorrita, hedatzen ari den beste kontu larri batek ez du zerikusirik gaixotasun batekin (edo bai?), baina oso kezkagarria da. Udan, herri askotan jaiak egiten dira, eta libertimenduarekin batera alde iluna agertzen da beti: indarkeria matxista nazkagarria. Adibidez, duela aste bat edo, dozena bat gizon atxilotu zituen poliziak Euskal Herriko hainbat txokotan emakumeen kontrako indarkeria erabili dutelako. Jaiak, neurririk gabeko alkohola, hetero patriarkatuaren botere autodeklaratua, matxismoaren apologia,….badirudi dena dela posiblea, koktel hori normalizatu egiten dela, baina ez, ez da horrela, eta ez da normala, eta ez da gertatu behar. Kitto!