Alkatetzara iritsi eta urtebetea joan zaigun honetan, harat-honat mintzatu da alkatea egunotan, kazetariek dei eginik, orain arte egindakoez eta hemendik aitzinako eginkizunez, zer joan den ongi, zer hala-hola eta zer ez hain ongi. Antzekoak erran ditu han eta hemen, gauza bat izan ezik, hots, egunkari honetan adierazitako urtemuga bat, hiriaren urteurren hauta, 2025ean 2.100 urte beteko baitira Ponpeio jeneralak Pompaelo erromatar hiria sortu zuenetik eta hori handizki ospatu beharra dagoela, hiriari ere halako bultzada berezia emateko.
Gure alkatea historialaria izanik, ez da batere harritzekoa urtemuga horrek berarengan lilura sortzea, eta berarena da ekimena. Ponpeiori zor zaizkio, gainera, gure hiriaren erdal izenak, eta ardoa eta olioa, bai eta hamaika gauza gehiago ere. Ez dute oraingoz ospakizunaren gaineko xehetasunik batere eman, baina uste izatekoa da helburua ez dela izanen erromatarren etorreraren inguruko ikuspegi ofizial lausengari zaharkitua hauspotzen jarraitzea, hots, mundua egiazki erromatarrekin batera hasi zela gure bazterrotan eta lehenago ez zela ja ere, salbu basakeria eta anabasa.
Eta uste izatekoa ere oroituko direla erromatarren armada batek zanpatutako gizon-emakume baskoiez -Irulegikoez, konparaziora- eta, oroitu ere, erromatarrek eraikiarazitako hiriaren aitzinetik Arga bazterreko erripa gain honetan zegoen hiriaz, baskoien hiria Pompaelo baino zaharragoa baita. Baina gauza jakina da baskoi-ustez- eskolagabeek ez dutela batere lekurik izan gisa horretako ospakizun ofizialetan, harik eta zorioneko eskua agertu den arte.
Aukera paregabea, hortaz, urte berriak ekarriko digun ospakizunean gauzak bertzela azaltzen hasteko eta, parada ederra ere, konparaziora, Koldo Mitxelenak hiriaren latinezko izenak euskal izenarekin izan dezakeen loturaz errandakoa gogora ekartzeko.