Síguenos en redes sociales:

Oraindik ere

Oraindik ereJavier Bergasa

Azkenean, aurten izendatuko omen dute memoria leku Ezkaba mendiko gotorlekua. Hura azken karlistaldiaren ondotik hasi ziren eraikitzen, hiriburua, Iruñerria eta inguruko bazter guztiak soka motzean lotzeko. Ikuspegiak ederrak baitira zinez alde guztietara eta, merezi du merezi duenez, oinez, txirrindulaz edo autoz kaskoraino igotzea bazterrak oro bere ederrean gozatzeko, gailurreko antena sorta itsusia alde batera utzita, jakina.

Jende aunitzek egiten du hori; are, jende frankoren eguneroko ibilbidea izaten da eta, bertzela ere, jendetza handia ibiltzen da harat-honat, maiz zaborrak han bertan utzita, urtean behingo auzolanean ikusten den bezala. Estatuak gotorlekua eraikiarazteko agindua eman zuenean, mendi magalak soildu samarrak zeuden, argazki zaharretan ikusten den bezala, errepidearen trazadura Iruñetik beretik ikusten baitzen.

Orain, ordea, nekez. Izan ere, suteak gorabehera, magalak ederki oihandu zaizkio oro har Ezkaba mendiari, landaretza XX. mendean oparo hazi izanaren ondorioz. Iruñeak berak ere sartzen du bere muturra Ezkaba Txiki aldean eta hantxe daude, konparaziora, hiriburuko dermio barnean berez hazten diren haritz bakarrak, Belemendi izeneko kasko ttipi batetik hurbil.

Dozena erdi udalerri gehiago dira mendiaren jabeak, eta gotorlekua, berriz, estatuaren jabetzapean dago. Gotorlekua, edo hobeki erranik, zapalkuntza lekua edo milaka lagunen gatibu eta heriotza toki latza. 1938ko ihesaldian, adibidez, 200etik gora preso erail zituzten, eta haien gorpuzkinak nonahi agertzen ari dira inguruko ibarretako hobietan. Beraz, memoria lekua izendatzearekin batera, memoriaren arloan ari diren elkarteen eskuetan utzi beharko litzateke gotorlekua gidari bidez bisitatzeko zerbitzua, egun oraindik ere militarren eskuetan baitago, nekez ulertzekoa bada ere.