Lehenago, auskalo noiztik, koadrilak afaltzera ateratzen ziren edo, hobeki erran, koadrila batzuk, koadrila gutxi batzuk, hilean behin, eta kito, ez zen gehiago, ez zuen bertzelako oihartzunik. Orain, ordea, sareetan eta hedabideetan erraten denari jaramon egitera behintzat, mundua mundu denetik egiten da herri ospakizun jator hori hilean behin eta ez omen dago hirian besta giro handi horrek ukituko ez duen zoko-mokorik, behialako usadio horrek kutsatuko ez duen karrika, taberna, jatetxe, elkarte eta peñarik, egun horietan kanpora afaltzera aterako ez den amaren semerik, gizaldi eta gizaldi guztietan egin izan den bezala, edota, are, ospakizun horren inguruan egiten den tradiziorik sustraituenetara hurbilduko ez den iruindarrik. Gero, lerro artean, inon-edo aipatzen da noiztik egiten den delako tradizio sustraituenetako hori, eta urte bat ageri da, XXI. mendekoa, 2009, hain zuzen ere.
Urte horretan egiten hasi baitzen ospakizunaren alde erlijiosoa, meza bat, San Lorentzo elizan, eta azken urteotan bereziki, hau da, egungo parrokoa iritsi denetik, gero eta meza handiagoak antolatzen dira edo antolatzen ditu delako parroko horrek, bere buruaren aintzarako.
Ospakizunaren alde mundutarrari dagokionez, orain dela bizpahiru urtetik honat, langa are gorago jarri da, jarri zuen aurreko Udalak, eta poz-pozik eutsi dio egungoak, hots, Europako NextGeneration sosekin ordaintzen ari baitira udalak berak ospakizuna bultzatzeko antolatutako ekitaldiak (gaurkoak, adibidez). Eta ez dira presexki sos pizar batzuk, alimaleko dirutza baizik, 5 milioi euro baino gehiago. Zertarako eta, bertzeak bertze, Sanferminak hirian berean sustatzeko, Sanferminak iruindarrei erakusteko, Sanferminetako giroa urte osora zabaltzeko. No eta to! Zertarako eta, bertzela erranik, jendeari bazka merkea emateko.