Otsaila hasita dugu, urteko bigarren hila, urte arruntetan 28 egun eta bisurteetan 29 egun dituena. Hainbat bariante eta sinonimo baditu: otsabil, otsil, utsail, otsagil, otseil, zezeil eta barantaila. Dakikezuenez, otsail hitza, antza, otso eta hil hitzen batuketatik dator. Otsoen hilabetea esan nahi omen du, eta otsoak gero eta sarriagotan ikusten dira han hemenka.
Resurrecion Maria de Azkueren Euskalerriaren Yakintza liburukietan topatuko ditugu hainbat kuriositate hil honi buruz: “Barantaila emazteen eta gatuen hilabetea da, eta martxoa gizonena”. Era berean, otsaila katuila dela esan omen da, hots, katuen hila. Horrexegatik, Arrasate eta Gernika aldean, kataila ere esaten zaio.
Hil berezi honetako lehen egunetan Kandelario eguna dugu: “Kandelario bero, negua dator gero; Kandelario hotz, negua joan da motz”. Geroago, San Blasen ospakizunak egiten dira Euskal Herriko hainbat tokitan. Ezagunetariko bat Abadiñoko San Blasak dira. Ferian dira zapore askotako ogiak, odolosteak, ortuariak, eztiak, pattarrak, frutak,… abelburuak eta nekazaritzarako makineria. Egun aproposa da gure poltsikoak xahutzeko eta gutiziaren bat etxeratzeko. Bertsolariak, trikitilariak, txistulariak ez dira egun horretan faltatzen, ez eta idi-proba entzutetsuak. Tokia askotako idi pareak heltzen dira (eta helduko dira oraindik) Abadiñora, probarria izenekoa eramanez, ea nork denbora mugatu batean distantzia luzeena edo iltze gehiago egiten dituen. Horrelakoetan, dirua jokatzen da inolako beldurrik gabe, eta espektakulu itzela izan ohi da.
Egun horretan ere oso ohikoa da San Blaseko kordela erostea. Badakizue, lepoan bederatzi egunez jantziko dugu (otsailaren 3a barne), eta gero kendu eta erre egin behar da. Hala eginez gero, urte osoan eztarriko gaitzak ez dira agertuko.
Horren ostean dator beste egun garrantzitsu bat: Santa Ageda. Horren inguruko tradizioari eutsi egiten diogu, eta Santa Ageda bezpera arratsaldez, makina bat kantari-talde ateratzen dira kantuka herri askotan.
Horiexek dira gure tradizioak, mantendu behar ditugunak, gureak direlako.