Lehenago adina zuhaitz izanen ditu Belosoko aldapak. Ehun baino gehiago moztu zituzten eta aste honetan landatu dituzte lehenak, horietako bat alkateak berak, aizkorak eragindako kritikak isilarazteko. Apirilerako, ehun zuhaitz berrik baino gehiagok apainduko dute aldapa Burlatako mugatik goraino. Obrak amaitzean, gainera, aldapak bidegorria eta oinezkoendako espaloia izanen ditu, txirrindulariak eta oinezkoak zein bere bidetik joateko eta, ez orain arte bezala, elkarri traba eginez espaloi gainean. Autoen emaria, jakina, alimalekoa izanen da goiti eta beheiti aurrerantzean ere.

Garai batean, trena ere ibili zen Beloson gora eta behera, hau da, Iruñea eta Zangoza lotu zituen Irati tren hura. Trenak ez zuen arazorik Beloso jaisteko. Igotzeko, ordea, zenbaitetan, komeriak, duela ehun urteko hartan bezala, igande batez jendez gainezka abiatu baitzen trena Burlatako geltokitik eta pare bat aldiz atzera egin zuen, malda igo ezinik, bidaiari erdiak jaitsi arte, zilegi zuena baino hiru aldiz jende gehiago baitzeraman eta ezin Belosoko erripa igo. Inguru hori erripa handia baita zinez. Azpian, Erripabe edo Arga ondoko zelaiak. Goialdea, Seminario pareko ingurua, Erripaburua izan zen Erdi Aroan; geroago, Obietagaña eta, ondotik, Belosogaña. Gozamen ederra da begietarako Burlatatik oinez igotzea, salestarreko etxe-orratzen txandrioak ikuspegia hein batean itsustu badu ere. Leku haizetsua, halaber. Eta ipar-haizeak, hain zuzen, Belosotik ederki ikusten den herri baten inguruko albiste bat dakarkigu, 1825ekoa. Herriko apeza zendurik eta erdaldun bat igorriko zutela jakinik, herritarrek erregu egin zioten apezpikuari apez euskalduna izenda zezan, “herriko biztanle gehienek konfesioa eta dotrina euskaraz egiten dituztelako eta arras gutxi direlako gaztelaniaz ongi mintzo direnak….”. Non eta Antsoainen.