Bai eta ez. Gustatzen zitzaidana, eta ez, zutaz. Gauza askotaz, gehiegiz nahiko nuke aritu, baina laburtu behar. Aspaldian, 46 urte luzez, nenbilen zuri zuzentzekotan hitz hauek, edo antzekoak. Zuk, noski, jakin, badakizu nor zaren eta zinen, baina nik ez dakit non zauden ezta ezer zure bizitzaz ere. Fide, guztiok ditugu geure indargune eta ahuldade, aukera eta mehatxuak, bizitzaren lege gupidagabeaz ari natzaizu. Lehenik eta behin, adierazi nahi dizut zer gustatu zitzaidan zugandik: zure begiak, irribarrea, ahotsa eta, noski, zure jaka marroia. Batez ere, kemenaren eta ahuleziaren, ausardiaren eta herabetasunaren arteko nahasketa. Bazen zugan zerbait heroikoa ondo ezkutatua gauza txikietarako borondaterik ezaren azpian. Gogoko nuen zure xalotasuna eta zure aurpegi serioa.
Zutaz atsegin nuena idazten jarrai nezakeen luze baina ez dut tokirik eta gainera oroitzapenak lausotzen zaizkit. Eta ez dut egiten uste dudalako agian ez zinela horrelakoa eta ez zintudala bihurtu nahi zu ez zinen zerbaitetan. Eta orain, zugandik batere gustatu izan ez zitzaidana, gauza batzuk baitzeuden zugandik batere gustatu izan ez zitzaizkidanak: besteen ahultasunarekiko zeneukan zorroztasuna. Ez zitzaidan batere gustatzen zutaz hitz egiten nizuenean erakusten zenuen arreta falta, axolagabekeria tamalgarri hori.
Ez zitzaidan batere gustatzen zutaz, zure adiskideez, zure lurraldeaz, ideiez, borrokez, zure atsekabeez hitz egiten zenuen bakoitzean inguratzen zenuen misterio hori. Ulertzen didazu zertaz ari naizen? Ez zitzaidan gustatzen zugandik, batere ez, nigan zenuen konfiantza apurra, hori sumatu ohi nuen sarri. Bai, nolabait hori guztia egia dela uste dut, nahiz eta agian ez guztiz. Aipagarria litzateke, agian, hazpegi berberak jartzea nik zutaz nituen bi iritzietan, uste baitut badirela zeure pasarteak bezain atsegin zitzaizkidan xehetasunak, baina beste inorengandik sekula gustatuko ez litzaizkidakeenak. Egoera oso zailak zitzaizkigun. 47 urte ondoren, Fide maitea, milesker. Beti arte.