Sare sozial guziek, inolako salbuespenik gabe, giltza berarekin bi ate antagoniko irekitzen dituzte: alde batetik, giza harremanen alderdi friboloenari bide ematen diona eta bestetik, errealitate ezberdinak ezagutzeko irekitzen dena. Oharkabean pasatzen ohi diren oso bizi-esperientzia gogorrak konpartitzen dituzten inolako protagonismo-grinaren gabeko pertsonenak ere, hurbiletik tokatzen ez bazaigu behintzat. Hola, ezin konta ahala dira desgaitasunarekin elkar bizi direnen egunerokotasun korapilatsua erakusten diguten profilak: gaixotasun edo istripu baten ondorengo ondorio iraunkorrak; muga fisikoak, intelektualak edo biak aldi berean; sortzetiko edo eratorritako ezgaitasunekin zerikusia dutenak, ere zahartzaroarekin edota gaixotasun arraroak deiturikoekin, etabar. Eta pairatzen dituztenekin batera, arduratzen, bizi eta ahalegin guztiak egiten diren familiak eta profesionalak, pertsona horiek gainerakoen eskubide berberak izan ditzaten guztiona den gizarte batean. Ziur? Zoritxarrez, hola ez da beti. Duela egun batzuk, desgaitasun-maila handiko neskato baten aitak, tuiter sarean haren argitalpen bakoitzarekin agortezinezko energia helarazteko gai zenak, balazta bota zuen honako hau esanez: ‘Gaixotasun arraroak jota seme-alabak dituzten familiak Damokles-ezpata saihetsezin bat menpean bizi gara. Gure txikiek hilkortasun tasa altua dute. Guk jakin arren, ez gaude prest haiek lurperatzeko. Gaur etxera iritsi berria, lagun batzuen semearen heriotzaren mezua jaso dut. Duela urtebete esan nion mutikoari ez zela ezer gertatzen gurekin korrika egitera etorri ezin bazuen, aukera gehiago egongo zirela. Eta ez da horrela izan’. Gauza bat besterik ez zuen eskatzen gaur: lagunen familiarentzako hitz batzuk idaztea, enpatia, elkartasuna. Nere buruari diot nik: erakunde guztien konpromiso zuzena eta eraginkorra beregana dezaten haien beharrei erantzunez, enpatiaren keinurik onena ez izango al litzateke? Ez dut uzte, beren betebeharra betetzen ariko liratekete soil-soilik. Hau inpotentzia.