Txikitatik izan dut data hau buruan: martxoaren 21. Egun horretan udaberria hasten da (tira, hasten zen niretzat). Aurten, ez da egun horretan (hau da, gaur) etorriko. Letra hauek irakurtzen hasten zarenerako, irakurle, zeu ere udaberrian zaude jada. Orain, Behatoki Astronomiko Nazionalaren kalkuluen arabera oso puntual heltzen da primadera, eta aurten, atzoko 10:02an hasi zen.

Dakikezuenez, urtero bi ekinokzio daude: lehena orain, martxoaren 19tik 21era bitartean, eta bigarrena irailaren 21etik 24ra bitartean. Hortaz, lehen data mitiko bat zegoen bitartean, orain, gaur egungo antropoceno aro honetan, dena modernitatea den aro honetan, kalkulatu egin behar da noiz datozen sasoi berriak, zehatz eta mehatz.

Hortaz, atzotik gaude udaberrian. Egia da inguruko mendietako zuhaitzak orbiztu egin direla, eta kimu berdeak hasi direla ikusten nonahi. Gure zaharrek hala esaten zuten: “Landarak orbiztu e(g)iten dire, orriz jantzi, eta gaixoa paseu ostian meko-meko da(g)oena bere orbiztu e(g)iten da, osasuntsu paretan da”.

Gaurko eguna egun ederra da beste kontu asko ere gertatzen direlako. Udaberriarekin zerikusi zuzena duen ospakizun berezi bat egiten da martxoaren 21ean: Basoen Nazioarteko Eguna. Data horren helburua baso eta zuhaitz mota guztien garrantzia aldarrikatzea da. Udaberriak basoekin eta natura osoarekin duen lotura berebizikoa da, berak dakarren bizi-zikloaren leherketa eder horrekin. Beraz, basoaren garrantziaz sentsibilizatu nahi du Nazio Batuen Batzar Nagusiak, planetaren biodibertsitateak giza ongizatea baitakar.

Egun hau gizakientzat ere bada garrantzizkoa, izan ere, Arraza-bereizkeria ezabatzeko nazioarteko eguna ere bada. Gaur bezalako egun batean, 1960an, poliziak tiro egin zuen Hegoafrikako Sharpeville hirian apartheid legearen aurkako manifestazio baketsu baten kontra, eta 69 pertsona hil zituen.

Hainbeste faxismoaren aurrean, berdintasunarekiko konpromisoa berresteko eta arrazakeria desagerrarazteko lanean jarraitu beharko da, ezta?

Martxoak 21, egun ederra.