Síguenos en redes sociales:

Zaldun kalesa

Zaldun kalesaARTXIBOA

Gela horretan sartzea bertze garai batean barneratzea bezalakoa da, bidaia bat egitea denboran, bidaia bat gure iraganera, iragan hurbilera eta ez hain hurbilera; bidaia bat ere gure aitzinekoek bizi eta sufritu dituzten gertakari historiko batzuetara, dela karlistaldietara, dela 36ko gerrara. Lehen begi-kolpean dena da anabasa, nahasmendu zorabiagarria: paper eta agiri meta izugarriak, liburuxkak, liburuak, tresnak, ikur politikoak, joareak, kriseiluak, XIX. mendeko kromoak… zernahi. Doi-doi duzu gure hiriaren bihotzean dagoen gela horren barnean ibiltzeko lekua. Gero, behin hasierako txundidura haizatutakoan, ohartzen zara dena dagoela egokiro antolatua.

Han, azken 125 urteko zezenketa-sarrerak, sanferminetakoak; hemen, herrietako jai-egitarauak, milaka, duela 80 urtetik honat argitaratutakoak, Iruñeko auzoetakoak barne; haratago, heriotza-errituei lotutako gauzak; honatago, gazta eskuz egiteko tresneria guztia; zoko hartan, jendeak iluntasuna urratzeko erabilitako argi-tresnak; zoko honetan, izan diren eta ez diren pegatina guztiak; hortxe, aziendak lepotik dilindan eramandako zintzarriak oro… eta bertzelakoak ere bai. Dena zaldun kales batek artaz bildua, sakon ikertua, zehatz datatua eta txukun sailkatua.

Fernando Hualde Izabako gizasemea ez baita biltzaile hutsa, gure aitzinekoen bizimoldearen ikerlari hauta baizik. “Guarpenari ez zaio akabatan tenpra” erraten zen Erronkari aldean, Kalesian, hau da, oroimenari ez zaio bukatzen denbora, eta horretan ari da nekagaitz gure izabarra, aste honetan aitortza jasotakoa. Gelatik atera baino lehen, azken begirada, eta hantxe, 1932an euskal estatutuaren alde Lizarran egindako batzar ospetsu hartara alkate batek eramandako alkate-makila, punta zorrotza, eta heldulekuan, “Zazpiak bat” armarria eta hiru hitz euskaraz: “etsaien beldurra naiz”.