Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Zentsura

ZentsuraUnai Beroiz

Laranja koloreko azala duen sasi-politiko hori berriz heldu da politikara, eta aldaketa sakonak gertatzen ari dira mundu globalizatu honetan. Baina ez dira gutxiagorako bere herrialdean bertan, barruko sisteman, isilpean agitzen ari diren eraldaketa itsusi eta atzerakoiak. Horietariko bat hitz batean laburbil daiteke: zentsura.

Ele horren esanahiaren tripetan arakatzen hasiz gero, Espainia aldean errotu zen frankismoaren zentsura dugu adibiderik onena.

Frankismo garaiko adierazpen eta iritzi askatasunaren kontrako zentsura-neurri sorta eratu zuten 1936ko estatu-kolpearen egileek. Helburua argia zen: ekoizpen kulturala deuseztatzea eta garbitasun ideologikoa egitea.

Kontu mingarri dezente burutu ziren arren, niri zentzunbakoenetako bat literatura erretzea izan zen. Horretarako liburu-dendetatik, ikastetxeetatik edota liburutegietatik lapurtu zituzten liburuak, eta meta bat eginda su ematen zieten, nazien gisan. Bakarrik onartzen ziren, literalki, “nazio-lanak, baldin eta funts dogmatikoa edo doktrina politikoa lagungarri bada aberriko loria eta epopeiak gehiago zabaltzeko eta goraipatzeko”. Hortaz, literatura ere zentsuratu egin zen.

Literaturaren historian asko izan dira debekatu diren autoreak: Descartes, Montesquieu, Kant, Jean Paul Sartre, Balzac, Víctor Hugo, Albert Camus, Federico García Lorca,…

Eta gaur egun? Bada, liburuen zentsura askatasunaren neurgailu eder bat da, eta horretara dator artikulu honen hasiera, hots, Trumpen politikak, gaur egun ere, han argitaratzen diren lan dezente zentsuratu egin baititu. Hango PEN elkarteak haizatu duenez, 2023tik hamar mila liburu baino gehiago debekatu dira AEBetan, orriotan agertzen ziren edukiak arrazari, LGBTQ+ komunitateari eta sexuari buruzkoak zirelako.

Behinola hemen bizi izan genuen lotsagarriko zentsura hura, mundua kontrolpean izan nahi duen nazi(o)aren leloa izango da. Hemendik aurrera dena izango da zentsuragarria. Zentsurak aurpegi asko ditu, eta nola edo hala, hemen, euskara bera ere gero eta zentsuratuago dago.