Síguenos en redes sociales:

Usteldu baino lehen

Usteldu baino lehenIban Aguinaga

Antzekoak gertatu dira han eta hemen, azken 40-45 urtean. Jarautako hura latza izan zen zinez, Nabarreriak ere pairatu zuen bizpahiru aldiz eta hiriko bertze zenbait lekuk ere bai. Orain, urtea hasi denetik nabari da Alde Zaharreko bertze eremu batean, San Frantzisko plazatik O-ko Andre Mariaren plazara bitarte, tartean San Lorentzo, Eslaba eta Oinutsen karrika daudela. Ederki ohartua zen aferaz inguru horretan bizi edo dabilen jendea, arazoa hedabideetara iritsi aitzinetik, hots, “San Lorentzo kaleko jantoki sozialean, bertan behera utzi behar izan dute afari-zerbitzua giroa gaiztotu delako, zenbait talde jantokiaz baliatzen ari baitira gauez beren salgaiak banatzeko”. Orduz geroztik, kolore guztietako poliziak dabiltza egunez eta gauez, trapitxeoan ari diren bi taldeak soka motzean lotu nahian. Maizko piztu dira bi talde horien arteko ika-mikak, liskarrak eta istiluak, tartean labanak izan direla. San Frantzisko plazako bertako giroa ere mikaztu da pixka bat.

Plaza hori hiriko plazarik bizienetakoa da, haurrak jostetan, lasterrean, zabuetan, eta, inguruan, berriz, gurasoak solasean, seme-alabatxoak San Frantzisko eskolatik ateratzen direnean, gehien-gehienak D eredukoak. D ereduak berpiztu baitzuen plaza joan den mendearen bukaeran eta, inoiz edo, gorabeheraren bat izan bada ere, ez da inoiz iritsi oraingoaren mailara. Ez da bertze solasik plazan, gurasoen artean, karrika horietako bizilagunen artean. Eta sentimendu bat zabaldu da zenbaitengan: kezka, beldurra… Auzo elkartean ere gaia dute solasgai eta saiatzen ari dira. Ez da kontu erraza, ezta gutxiagorik ere. Udalak ere ekin beharko lioke buru-belarri, gizarte zerbitzuen bitartez lehenik, auzogintza oparoarekin batera, plazako eta inguruko karriketako giroa bere onera ekartzeko, dena usteldu eta zornetu baino lehen.