Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Aste Santua eta euria

Aste Santua eta euriaPatxi Cascante

Ez dut oso ondo ulertzen aste santuan egingo duen eguraldiari buruzko kezkak, jende askorenak, behintzat, nire gogoan aste santua eta euria elkarrekin joan direlako beti, txikitatik. Txikitan aste santuko oporrak euritsuak eta aspergarriak ziren, ez zegoen oparirik, ezta jaki gozorik ere, gabonetan bezala, baina oporrak ziren, azken finean, eta hori zen garrantzizkoena. Nire oroitzapenetan euria ari du Gasteizko alde zaharreko kaleetan, etxarteetan, itoginak sendoak ziren garai hartan eta ura lasterka zihoan kantoietan behera.

Ostegunean edo ostiralean izeba zaharra lagundu behar nuen “monumentuak” bisitatzeko elizetatik egiten zuen ibilaldi luzean, elizak ilun zeuden, santu-santa guztiak zapi morez estaliak, baina bazegoen zer ikusi (erretaula urrekaren dardara), zer entzun (organoa eta kantuak), zer usaindu (intsentsuaren lurrin sarkorra), zer ukitu (egur bernizatuaren leuna) eta zer amestu. Garai batean ikastetxeko koruan izan nintzen, eta horrek arintzen zuen apur bat ordu luzeen segida. Ez zegoen zinemarik, eta zuri-beltzeko telebistak prozesioak (gorroto nituen, oraindik gorroto ditut) eta “erromatarren” filmak (maite nituen, oraindik maite ditut) bakarrik ematen zituen. Eta, ororen gainetik, liburuak eta komikiak zeuden amesten jarraitzeko; irakurri euria entzun bitartean, hori zen onena.

Urte gutxiren buruan dena aldatu zen oso azkar, errotik aldatu ere: aste santuko oporrak desiratuenak ziren, lagunekin mendira edo herri galdu batera (orain ez hain galdua) edo norabait joan ahal izateko. Euria lagun beti, hori bai. Euria egiten ez duen lekuetan egon naiz askotan aste santuan (eta batzuetan ez du euririk egiten Gasteizen), eta eskertzen dudan arren (ez naiz anfibioa), zerbait falta dela sentitzen dut.

Orain haurtzaroko arratsalde luze, euritsu eta ustez aspergarri haiek gogoratzen ditudanean, konturatzen naiz funtsezkoak izan zirela asperduraren gozotasuna dastatzen ikasi, eskura egon daitezkeen baliabide urriekin bizitzen saiatu eta liburuak dauden bitartean salbatuta gaudela jakiteko.

Aste santuan euria ari duela? Eta zer?