Síguenos en redes sociales:

Irainak

'Insultos de otro tiempo', la nueva exposición en el Archivo de NavarraUnai Beroiz

12

Kultura Departamentuak antolaturik, ikusgai da Artxibo Nagusiko kripta ikusgarrian irainei buruzko erakusketa, hots, Nafarroan XVI. eta XVII. mendeetan erabiltzen ziren irainen ingurukoa. Erakusketa interesgarria da zinez, txukun antolatua eta ele bitan (gaztelaniaz eta euskaraz). Irain gehien-gehienak erdaraz daude. Egia da panel bat eskaini zaiela euskal irainei eta, bertze batean, Arreko euskal kopla iraingarri ospetsuak ere ageri direla, baina bere osoan harturik, arras leku txikia utzi zaie euskarazko laidoei. Garai hartako auzietako paperak hartu dituzte oinarri erakusketa apailatzeko, eta agiriak erdaraz daude, bai hemen, bai Euskal Herriko gainerako leku guztietan ere. Hamaika aldiz errana da jende gehiena mintzo ez zen hizkuntzan idazten zirela administrazioko paperak.

Eta mende haietan, gauza jakina da Nafarroako jende gehiena euskaraz mintzo zela; hamarretik zortzi, zenbait ikerlanen arabera. Aunitzek, gainera, ez zekiten erdararik. Bada, zentzuzkoa da pentsatzea euskaldunek euskarazko irainak erabiliko zituztela, haserretzen eta koleratzen zirenean. Auzietako paperetan, ordea, irainak gaztelaniaz jasotzen ziren, baina, hara, tarteka, eskribauek euskaraz ematen zituzten, itzulpenarekin batera. Eta horrelako lekukotasunak aunitz dira zinez, duela hamabortz bat urtetik honat plazaratu diren liburu ugarietan ikusten denez. Euskarazko laidoei buruzko testigantza horiek guztiek ederki berresten dute zein zen mende haietako hizkuntza nagusia Nafarroan, Mendialde eta Erdialde osoko lekukotasunak baitira, eta euskal irainetan dagoen oparotasuna izugarria da egiazki. Bada, euskal irainen aberastasuna ez da inola ere bildu erakusketan, eta badago aski eta sobra material Nafarroako euskal irainei buruzko erakusketa eder bat apailatzeko. Apailatuko ote du Kultura Departamentuak?