Síguenos en redes sociales:

Hiru ordu eta erdi

Hiru ordu eta erdiE.P.

Bat-batean ordenagailua itzali zen. Ez zen etxe barneko kontu hutsa. Eskaileretan ere argirik ez. Sarerik ere ez. Ezin deirik egin. Handik ordu erdira karrikara atera eta jende guztia zebilen pantaila txikiari begira, erabili ezinik. Halako batean, adineko emakume bat agertu zen telefono mugikor lodi bezain zahar batetik solasean: “alabarekin” argitu zuen. Denda guztiak ere ilun, dendari batzuk atean, bertze batzuk barnean, kanpotik sartzen zer argitasunari esker, eskudiru hutsetan kobratzen. Bidenabar errateko, zenbat jendek ez duen sos ukigarririk eramaten kolkoan. Okindegian, jende guztiak bazekien zuk baino gehiago. “Espainia osoan eta Portugalen” erran zuen bezero batek.

“Eta Italian ere bai”, gehitu zuen bertze batek. “Europa hegoalde osoan”, hirugarren batek. “Frantzian ere bai”, eta “Ingalaterran…”, eta Alemanian…”, “baita Europa osoan ere”… Okindegitik arrunt kezkaturik atera, eta karrikan entzuten zirenek ez zuten lasaitzeko biderik ematen: semaforoak ez omen zebiltzan; bankutako ate automatikoak ez omen dira zabaltzen; gizonezko bat etxean sartu ezinik zebilen, atariko atean txartel bidezko irekiera elektrikoa paratu dutelako; jendeak “inbasioa”, “gerra”, “kolapsoa” eta gisako hitzak zerabiltzan ezpainetan.

Ezagun bat kandelen bila ikusi zenuen ziztuan igarotzen, “agortu baino lehen”, eta plazara begira dagoen San Frantzisko eskoletako erloju handiko orratzek eguerdiko 12:28 adierazten segitzen zuten. Bertze ezagun bat peñara zihoan bazkaltzera, han sukaldea gas bidezkoa baita, eta zeure baitan madarikatu zenuen sukaldeko gasa kentzea eta xafla elektrikoak paratzea erabaki zenuen egun hura. Bat-batean, watsapp bat sartu zen: “Lizarran itzuli da argia” eta bertze bat ere: “Iturraman ere bai”. “Heldu da” entzun zenuen. Etxera igo eta, hiru ordu eta erdi pasata, argia egin zen.