Fito Rodriguez idazleak (Gasteiz, 1955) Turismo hutsala liburua aurkeztu berri du. Ez dela kritika edo salaketa bat argitu du egileak, hausnarketarako gonbitea baizik. Bizi nahi dugun mundu honetan askeak izan nahi badugu, berton zer egiten dugun pentsatu behar dugula dio egileak, erantzukizun morala daukagula, alegia. Turismoaz ari da. Zergatik eta zertara goazen lekuetara, eta gu hara joateak han zer nolako eragina duen galdetu behar dugula dio Rodriguezek.

Gure hiriak kanpotik datozenentzako prestatzen ditugula dio autoreak. Kanpokoak sartzeko, barrukoek alde egin beharra daukagula. Hemengo kultura folklorizatzen dugula eta turismoak bertako kultura eta jatorria ezkutatzen dituela.

Kapitalismo emozionalaren menpe bizi gara, bai. Zer ikusi, zer dastatu eta zer sentitu behar dugun ere esan egiten digute. Eta guk, erosi. Lehenago eliteek egiten zutena egiteak eragiten digu plazer. Edo hori uste dugu, behinik behin. Nahiz eta gero ez dakigun zer egin atera ditugun argazkiekin, ez eta bizi izan ditugun bizipenak zertarako baliatuko ditugun ere. Gu ere han egon garela esateko ez bada, nahiz eta ez dakigun horrek zer balio duen, ez objektiboa, ez eta subjektiboa ere.

Gurera turistak erakartzearen helburua zein zen gogoratu behar dugu. Ez da urrutikoa “munduan kokatu beharra daukagu” amesten genueneko hura. Munduak ezagut gaitzan nahi genuen. Menperatzen gaituen estatuaren baitatik burua altxatu eta nortasun propioa dugula aldarrikatu. Kultura propioa dugula oihukatu nahi genuen lau haizetara. In situ ezagut gintzaten nahi genuen. Esperientzia erreal bat izan zezaten. Eta joan, eta konta zezaten.

Garen horretaz hitz egiteko modu asko daude, ordea. Eta nork bere erara ulertu du. Batez ere, hori negozio bide bilakatu nahi izan dutenek. Edo munduari neurria hartzen jakin ez dutenek. Eta zer garen behar den bezala kontatzen jakin ez dugunok.

Tentazioa guztion eskuan jartzeak ekarri du gaitza. Behinola eliteek egiten zutena egiten jarri garelako, orain, guztiok: emozio hutsalen bilaketa kontsumistan galdu.