Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Karmele Jaio

Andreak

AndreakFreepik

Behin adin batera iristean, gainetik pisua kentzen hasten dira emakume asko. Arintasun bat sentitzen hasten dira, eta ez hainbeste gorputzaren pisuak behera egin duelako, menopausiak eraginda kasu askotan kiloak irabazten baitituzte. Beste arintasun mota batez ari naiz, zenbait ardura gainetik kentzea lortzen duzunean eskuratzen den horretaz. Gainetik kentzen duzunean, adibidez, besteek esango dutenaren ardura, edo autoestimu faltak eragiten dizun pisua, edo merezi ez duenarekin ere atsegina izatearen beharra, edo besteentzat beti eder egotearen agindua... Hitz batean, tripa sartzeari uzten diozunean irabazten duzun askatasun hori.

Emakume hauen adinean bat egiten dute arintasun horrek eta gauzak ahazteko joerak. Eta batzuetan hain da ona ahaztea... Izan ere, emakumeok gauza asko ahaztu behar ditugu, neskatilak ginenetik erakutsi dizkiguten agindu horiek guztiak: edertasunarekin, ontasunarekin, diskrezioarekin, zaintzarekin eta, besteak beste, mendekotasunarekin lotutako mezu horiek guztiak. Atsegin izateko hezi gaituzte; babesa behar dugula irakatsi digute; esan digute gure gorputza ez dela inoiz perfektua izango; afektuak eta maitasuna gauza guztien gainetik daudela, baita gure duintasunaren gainetik ere; anbizioa izatea ukatu digute, gaizki ikusia dagoela ikasi dugu; iruzurgilearen sindromea txertatu digute zainetik…

Ikasitako asko ahaztu behar dugu, gainetik kendu. Horregatik pozten nau hainbeste behin adin batera heltzean agindu horiek guztietatik askatzen hasten diren emakumeak ikustea. Haiei begira pentsatzen dut hobe litzatekeela lehenago, gaztetatik, askatu izana irakaspen horietatik, edo, hobeto esanda, neskato bakar batek ere ez jasotzea inoiz halako agindu mugatzailerik. Baina, oraingoz, haiei begiratzeak sortarazten didan magiarekin geratzen naiz. Mirespena sentitzen dut ikusten ditudanean señora izena paparrean eramaten galoiak eramaten diren harrotasunez.