Ederra eta hunkigarria izan zen larunbat gauean, Jon Maia bertsolari, abeslari eta idazleak, Zumaiako Itzurun hondartzan eskaini zuen Kantu bat gara jira ixteko ondutako kontzertua: Zumaia, harri eta herri.
Itsasbeheran hartu gintuen hondartzak, olatuak txiker apurtzen ziren itsasertzean eta ostantzak su kolorea oparitu zion ortzimugari ia ordubete luzez. Zerua, itsasoa, lurra, ura eta gu, kantuan.
Zorteko Zumaia, herrian tamainako eskaintza egin dezakeen sortzaile baten proiektua euskal herritar orori irekitzeko aukera izateagatik. Zorteko Jon, herriak berarengan sinetsi izanagatik, baliabide guztiak bere esku uzteagatik, inplikazioagatik, eta bere proiektua handitzen laguntzeagatik.
Larunbatean, Zumaia harri eta herri bilakatu zuen abeslariak. Atzera begiratzeko gonbitea izan zen ekitaldia. Debekuak, zapalketa, Gernikako bonbardaketa… asko sufritutako herri bat berraurkitu ahal izan genuen. Baita euskal eta herri erroak antzeman ere, Aresti poeta handiaren obratik hasita. Franskismoaren garai betean idatzitako Harri eta herri liburuak suposatu izan zuen iraultza, modernitatea, gizarte zentzua, lengoaia poetiko askeago bat…
Argi dago iraganak batzen gaituela. Iraganean herri sendo bat irudikatzen dugula. Bere sustraiak maite dituena, behar dituena. Iragan horretan, ordea, sufrimenduari atxikitzeko joera lazgarri(egi)a dugu. Sufrimenduaren gainetik aurrera egin izanak indartzen eta harrotzen gaitu.
Sufrimenduari oles egiteari uzteko aldarria egin nahi dut, bada, etorkizuneko gu berri bat eraiki nahi dugun honetan. Atzera begiratu behar bada ere, presentea eta etorkizuna indartzeko izango diren kantuak hobetsi nahi nituzke. Poesiatik (bakarrik) edaten dutenak. Naturari lotuak. Eñaut Elorrietaren Itsasoa gara adibide. Batasuna, erresilientzia eta indar kolektiboa adierazten ditu. Negar egin izan arren (iragana presente), orain indartsuagoak garela dio. Orain itsasoa gara. Indarra. Natura. Ekosistemaren parte. Herritarrok bat eginik. Gu, gaur.
Ederra eta hunkigarria larunbatekoa. Naturaren oinpean, gu, kantuan.