Fontes Linguae Vasconum aldizkarian irakurririk, aspaldian ikasi genuen euskarazko kopla gisakoak kantatzen zirela Iruñerriko eta inguruko herri batzuen izenen gainean; “karrikaluze Billabako, tipulazorro Uharteko” eta halakoak, guztiak ere Irozko Hipolito eta Felisa Mariñelarena anaia-arrebek kantatuak, Labioko Santa Feliziaren elezaharrari buruzko euskal koplekin batera.
Herri izenen artean ere, “Erripa luze Lizoaingo, errota sendo Erredingo” eman zuten, biak ere Lizoainibarko herriak eta, bi-biak maiatz honetan albiste, ibar horretako lehen euskal eskuizkribuak Lizoaingo Elizar paraje paregabean aurkeztu direlako, guztiak ere Erredingo Luisenean aurkituak. 44 agiri dira, gehien-gehienak predikuak, Erredinen eta inguruko herrietan predikatuak, XVIII. mendearen akaberan eta XIX.aren hasieran bi apezek idatziak. 44 idazkietatik, izan ere, 43 Luiseneko bi semek izkiriatu zituzten, hots, Aldunate osaba-ilobek. Juan Miguel Aldunate Ardanatzek (1725-1810) 5, eta Fermin Josef Aldunate Murillok (1767-1840) 38.
Ekaitz Santazilia hizkuntzalariak egindako ikerlanari zor zaio informazio guztia. Agiri bat, azkenik, “Aita Frantzisco Elizalde” izeneko batek idatzi zuen, egileak berak horrela izenpetu baitzuen. Gainera, bada bertze jakingarririk, Fermin Josef txiki-txikitan gelditu baitzen aitarik gabe, eta amak hezi zuen, hau da, Domeñutik (Erromantzatua) Erredinera ezkondu zenak.
Eta galdera sortu da: ama euskalduna ote zen? Eta euskalduna bazen, non ikasia? Garai hartan ustez erdaldun-erdalduna zen Domeñun? Edo Erredinen esposatu ondoren? Ezin jakin, baina, azken urteotan egindako ikerlanen arabera, argi dago euskarak uste baino gehiago iraun zuela Lizoain-Arriasgoitiko bazterretan. Eta Erromantzatuan ere bai? Bitartean, ezin jakin ere zenbat euskal izkribu ote dauden oraindik argira atera gabe etxeko sabaietan.