Cerdan-en kasuak harritu egin omen gaitu. Edo ez hainbeste. Politikari bat ustelkeria kasu batean kokoteraino lohian sartuta ikustea ez da, jada, berria. Ohikoegia bilakatzen ari zaigu, zoritxarrez. Eskuak burura eraman baditugu, kasu honek izan dezakeen eraginagatik izan da, pertsona honek politikan izan duen ibilbideagatik eta berarengan goikoek (nolabait esateagatik) izan duten konfiantzagatik. Mugitu ahal izan duen guztiagatik.

Eta mugitu duen horretan, arrazoi ideologikoez gain, besterik ere bazegoela kontu emateagatik. Ez naiz psikologoa. Baina bizitzaren eskolak erakutsi dit, goi karguetan daudenen ingurukoak oso ondo ezagutu eta zaindu behar izaten direla.

Bigarren eta hirugarren postu eta lerroetan daudenak, alegia, aspirazio handiko pertsonak izaten direlako. Lehen lerroan egon edo burua izan litezkeela sentitzen dutelako. Eta lan gogor egiten dutelako, bihar edo etzi, lehen lerro horretan edo agintaritzan egon ahal izateko. Agintean dagoena beurok balira lez aholkatzen eta bideratzen dute. Beurok izanik, txotxongiloaren eskuak eta zangoak mugitzen dituzten hari ikusezinak. Hori guztia aitortuak sentitzeko egiten dute. Agintean dagoenaren aldetik, esku ikusezinaren boterea aitortzea espero dutelako.

Eta aitortza hori heltzen ez baldin bada, justizia beren esku hartzen hasteko unea iristen da. Dagokiena hartzekoa. Beste era batera esanda, zor zaiena jasotzekoa. Gutunazal zurietan. Errugabetasuna erakusten duen kolorean. Haatik, lasai egiten dute lo. Nago, bigarren eta hirugarren lerroan dauden kideen motibazioak ezagutzeak eta horiei kasu egiteak ustelkeria eta desleialtasun kasu asko ekidingo lituzkeela.

“Ez ginen Cerdan-etaz fidatu behar” esaldiaren ordez, beste hau liteke, agian: “Ez genituen bere motibazioak eta beharrak ezagutzen”. Asko dira justizia bere esku hartzen duten pertsonak, eremu publikoan zein pribatuan, ez entzunak eta ez aitortuak sentitzeagatik. Ustelkeriara eramaten gaituzten arrazoiak, maizenik, diru-gosea baino areago, aitortza-gosea izan ohi da.