Maitasuna aditza da; ez da berbazko sentimendua maitasuna; ez eta elezkoa; ez eta hitzezkoa. “Euskaltzaindiaren hiztegia”ren arabera, adiera bi ageri zaizkigu. 1. adieran, “amodio, oniritzi”ren esanguran, maitasuna norbaiten edo zerbaiten alderako atxikimendua sortzen duen joera edo sentimena, haren ona bilatzera bultzatzen duena da. Haren 2. adieran, berriz, “maitemin”aren esanahian, norbaitenganako joera edo grina bizia, sexu senean oinarritua, harekin gorputzez eta bihotzez bat egin nahia dakarrena da.

Gure auzo-erdarei dagokienez, Cervantesen hizkuntzaren hiztegi arauemailearen arabera, maitasuna, adiera batean, gizakiaren sentimendu bizia, haren gutxiegitasunetik abiatuta, beste izaki batekin elkartzea eta batzea behar eta bilatzen duena da. Beste adiera batean, berriz, berez erakartzen gaituen eta, elkartzeko desiran elkarrekikotasuna bilatuz, osatzen gaituen, alaitzen gaituen eta elkarrekin bizitzeko, komunikatzeko eta sortzeko indarra ematen digun beste pertsona batenganako sentimendua da. Gainera, beste 14 adiera dakartza.

Molièreren hizkuntzan hiztegirik ospetsuena den “Larousse”n, adiera batean, interesa da, norbaiten gustu bizia gauzen kategoria batekikoa, plazer edo asetze iturri horrekikoa; beste adiera batean, berriz, pertsona batek beste batenganako duen joera da, pasio edota sexu izaerakoa. Adierok ez ezik, beste bost adiera dakartza hiztegiak.

Konturatzen garenez, ez dago erabateko definiziorik, ez eta ikuspegirik ere. Horrek esan nahi du maitasuna ez dela izaki zehatza. Ziur naiz hiztegigilea nor den halako definizioa lortzen dugula. Zer esan nahi du horrek? Ez dagoela maitasunik? Nire ustez, bada maitasunik, baina ez da izaki filosofikoa, nork bere ikuspegiaren arabera defini dezakeena, ezpada ekintza, adigai zehatz eta jakin batera garamatzana. Izan ere, maitasuna norberaren beharrean daudenei laguntza ematea da; nork bere burua ukatzea nork maite duenari dena emateko. Maitasuna abnegazioa da, ekintza, aditza.