Abuztua modu nuklearrean etorri zaigu. Doritos koloreko azala duen Trump burubakoak Errusia inguruko itsasaldera bi urpeko nuklear (ez dira yellow submarine) bidaltzeko agindua eman zuen joan den astean. Ekintza horren aurretik, AEBko presidente zoroak Ukrainarekin duen liskarrari amaiera emateko ultimatuma eman zion Vladimir Putini.
Baliteke ahobero batengandik etorririko harropuzkeria galanta izatea, baina Dmitri Medvedevek, Errusiar Federazioko Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak esan du ziurrenik zarata lortzeko dela (kontuz ibiltzeko pepelerdo hori), baina berez disuasio nuklearreko mugimendu bat ere badela.
Nik uste dut ez dela gatazkarako deia areagotuko, nahiz eta inprobisazio hutsa ez den. Izokin koloreko azala duen presidente horrek ondo kalkulatu du bere ahalmena. Argi dago ezin diotela probokaziori men egin.
Eta hau dator mehatxu nuklearraren garaia gainditurik zegoela prentsatzen genuenean. Izan ere, egun hauetan, abuztuaren 6an eta 9an, 1945ean, Amerikako Estatu Batuek bonba atomiko bat jaurti zuten Hiroshima hirian, drama sinestezinaren balantzearekin, 140 mila pertsona inguru hil ziren. Horrekin ez ziren lasai gelditu, eta hiru egun geroago, Nagasaki hiriaren gainera bota zuten bigarren bonba bat, 74 mila hildako eragin zituena. Amerikarrek harturiko erabakia immorala izan zen eta milaka errugabe erail zituzten.
Aipaturiko bi mandatari lerdo horiek badakite zeintzuk diren ondorioak; badakite horrelako gerra bati ekinez gero ez dagoela irabazlerik, dena izango baita laborria eta heriotza.
Egun hauetan Japonian ari dira 80. urteurrena prestatzen, eta mundu osoko mandatariak bildu dira bertan aho batez bakea eskatzeko, baina ez omen dira Errusia, Txina eta Pakistan joan. Kasualitatez hirurak dira potentzia nuklearrak.
Mundu osoan gero eta tentsio geopolitiko gehiago bizi ari gara, eta horietan beti areagotu egiten da arma nuklearrak erabiltzeko arriskua. Behinolako desarmatze nuklearra egiteko konpromisoak urtuz doaz, eta horrek munduko bakea kolokan jarriko du (berriz).