Euskal Jaiak deiturikoak gure geografian zehar udaran ospatzen ohi dira. Uda-jai horiek IXX. mendearen amaieran Antoine D ‘Abbadieren eskutik Iparraldean sortu ziren Festa Euskarak zuzeneko oinordekoak dira, nolabait.
Lehenengo ospakizuna 1873ean egin zen, Urruñan eta gero Saran eta Donibane Lohitzunen. Hegoaldean 1879ean hasi ziren Elizondon baina arrakastatsu eta jendetsuena, garaiko kroniken arabera, 1893ean Azpeitian ospatutako Euskal Jaia izan zen. Ordutik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak, urtero eta 18 herritako ibilbidea eginez, holako ekitaldiak antolatzea erabaki zuen, Iparraldean eta Nafarroan D’Abbadiek antolatzen zituenekin batera. Dena den, helburu berak astindurik lan egiten zuten guztiek: euskara eta euskal kulturari balioa nabarmentzea, jardunaldi herrikoi, ludiko eta parte-hartzaileak bultzatuz.
Hola, 1928an ospatu zen Irunen gure lehen Euskal Jira eta hurrengoak, urtez urte, gerra zibila piztu arte. Diktadura frankistaren lau hamarkadak haustura garaia izan ziren. Baina irundar gogotsu batzuen eskutik, 1978. urtean berreskuratu genuen gure jaia, hau da, bi idi tiratutako eta motibo euskaldun txukun batez apaindutako gurdi ezberdinen desfile bat. Lehenengo urte hura, udaz jantzita, Irungo Kolon Pasealekuko espaloi batetik, gurdiak laguntzen zituzten taldeetako edozeinetan sartu asmoarekin salto egiteko gogoari eutsiz, bizi izan nuen. ‘Datorren urtean, hor egongo naiz’, esan nion nere buruari eta zintzo bete nuen: pandemiaren bi hutsuna kenduta, 42 urte jarraian.
Aurten izan ezik. Ezin izan naiz nire koadrilako lagun ero eta maitagarriekin egon irundar eta herriko talde askoren iraunkortasun eta lanari esker joan den asteburuan Irunen ospatu den egundoko Euskal Jira gozatuz, ezinbeste, hau pena…
Ze Irungo Euskal Jirak nire pertenentzia-zentzua areagotzen duen, munduan den ene lekua aldarrikatuz: etxean sentitzen naiz, gustora, babestua, indartsua, gure euskal zena utziezin pean. Beste era batera esanda: izan zirelako gara, garelako izango dira. Irunen ere bai.