Gabriel Aresti Segurola olerkari bilbotarrak ni jaio nintzen urtean idatzi zuen Maldan behera. Euskal gizartearen bilakaeraren pare ikusten dut liburu paregabe hura. Izan ere, egunean baino egunean sustraigabeago ikusten dut gure herria. Maldan behera ikusten dut galga, balazta barik. Gure nortasunaren ezaugarriez biluztuta. Ekinari barik itxurakeriari begira. Beharrari barik aitzakiari lotuta. Berbari barik egiantzari begira. Ezkorra ote naiz? Hala balitz!

Gabriel Arestiren Maldan behera liburuko pasarte bi lotuko ditut nire ikuspegia islatzeko: Honera etorri baino leen ongi / ezautu nuen herria; / txiki-denporan eduki nuen / han ene bizitegia. / Ama maiteak emaro niri / ematen zidan ditia: / MALDAN BEHERA DOA AGURO / NIRE GORPUTZ BILUZIA”… “Orain hemen nago, eremu latz honetan. / Nire gurariak galdurik, lur hauetan / arbola adar-gabeen parea naiz orain. / Landare zekenak baitaduzka eremuak, erratzak harean, haitzetan kalamuak, / nire arima dago mirari baten zain”.

Horrelaxe ikusten dut gure herria. Gure arbasoek iragan oparoa (“emaro”) eskaini ziguten doan, guk, ostera, geure ondorengoei guri dagokiguna eman beharrean, zorpeko etorkizun idorra utziko diegu (“mirari baten zain”). Axularrek esan zuen legez, “geroaren geroa, alferraren leloa” esaldia haragitu dugu. Mundua nahi dugu, baina ez dugu lanik egiten hura jadesteko. Guztia nahi dugu, baina geuretik ez dugu ezer ematen. Urruneko kontuekin “elkartsu” eta etxekoekin axolagabe. Inorenarekin “elkartsu” eta geurearekin zeken.

Horrela, zelan demontre defendituko dut nire aitaren etxea, nire-neure burua guztien aurretik jartzen badut, bai gure gurasoen aurretik bai gure seme-alaben eta ondorengoen aurretik? Gu-geu. Gure-geure burua bakarrik. Patu zoritxarrekoak gara gero! Zer etorkizun lagako diegu ondorengo belaunaldiei Hegoaldeko zorra barne-produktu gordinaren % 10,9 bada? Nork ordainduko ditu gure eskubideak? Gure ondorengoek. Horixe ezaugarri ez-euskaldun, arrotz eta suizida!