Ezagutu den azkena Amurrion izan da. Denbora librean futbol talde bat entrenatzen aritzen den ertzain bati “zipayo” deitu diote, eta “alde hemendik” gonbitea bidali, pintada bidez.
Badira, herriak, kaleetako hormak pintadaz beteta dituztenak. Herri libreak direla esaten dutenak. Biziak. Herri horietan ez dute galdetzen, ordea, herri horietako herritar guztiak pintadak egiten dituztenak bezain libre sentitzen diren. Ez dute galdetzen, ezta ere, herritar guztiak ados ote dauden herriko hormak pintadaz beteta edukitzeaz. Ezin jakin zergatik ez duten galdetzen aske izatea zer den.
Zeren eta pintadak egiten dira anbiziotsuak eta zorrotzak diren entrenatzaileen kontra; pintadak agertzen dira futbolean nesken eta mutilen taldeak entrenatzen dituzten futbol zelaietan; eta pintadak agertzen dira ordu libreetan futbola irakastera dedikatzen diren pertsonen aurka.
Kontua da, egiten dena eraistea. Egiten duenari eragozpenak jartzea. Eta horrekin gauzak aldatzen ez badira, errespetua faltatzea, iraintzea eta mehatxatzea.
Pintadak agertzen dira herri honetako segurtasun indar propioaren aurka; eta lehen txakurtzat genituenei bezala hitz egiten zaie, orain, alde hemendik esanez, gure bizikideei. Hori guztia, eguna erortzen denean geratzen den argipean eta, anonimoek dakiten bezala sinatuta, ausardiaz mozorrotuta.
Platon pixka bat irakurriko bagenu jakingo genuke, haitzuloaren mitoari esker azaldu zuela, ezagutza sendorik ezean, irudikatzen duguna sinistera heltzen garela. Haatik dakigu, ezagutzarik eza dela demokraziaren areriorik handiena. Oinarririk gabeko irudipenetan oinarritzea ustez amesten duguna. Eta haatik dakigu, zein arriskutsua den amestu dugun gaztelu horren alde edozer egiteko eta emateko prest egotea.
Pintada batek altxatzen den ahotsa beharko luke. Eraikitzera deitua. Eta errespetuaren zorutik jalgia. Ze, hala izan ezean, atentatu bat da.