Zenbatetan entzuten dugun ezin dela dena politikarekin nahastu. Batzuei, adibidez, ez zaie ondo iruditzen aktore batek sari bat eskuratzean Gazari elkartasuna adieraztea. Ez zaie ondo iruditzen Jabier Bardem han eta hemen agertzea zapi palestinarra soinean, genozidioa salatuz. Kultura ezin da politikarekin nahastu, esaten dute. Askori ez zaie ondo iruditzen kirolari batek politikaz hitz egitea, adibidez, Kylian Mbappé futbolariak iaz egin zuen bezala. Frantzian goraka doan ultra-eskuinaren kontra agertu zen eta hiritarrei eskatu zien ez bozkatzeko Marien Lepenen alderdiari. Futbola ezin da politikarekin nahastu, esaten dute askok.

Baina batzuetan ahaztu egiten dugu politika egon badagoela gure bizitzako alor eta eremu guztietan. Azken futbol Mundiala Qatarren egitea ez al da politika? Emakume eta gizon kirolarien artean (eta baita aktoreen artean) soldata arrakala hain handia izatea ez al da politika? Eta horrela milaka adibide.

Politika egon badago leku hauetan guztietan, eta bere eragina du. Baina askotan politika hitza aldarri batzuei eransten zaie bakarrik. Eta politika ezin dela kirolarekin edo kulturarekin nahastu esaten duten horiek, askotan dira “ni ez naiz eskuinekoa ezta ezkerrekoa” esaten duten horiek berak. Ni apolitikoa naiz, esaten dute, kontuan hartu gabe egunero ematen dugun pauso bakoitzarekin ari garela erakusten gure joera politikoa, nahiz eta izenik ez jarri.

Politika botoa emateko eskubidea gauzatzea baino askoz harago doa. Politika egiten dugu egunero. Politika egiten dugu aukeratzen dugunean zer jantzi, zer erosi, ze hizkuntza hitz egin, zer argitaratu gure sareetan, nora bidaiatu, etxe barneko edo etxetik kanpoko lana lehenetsi… Politikak gure bizitzako alderdi guztietan eragiten du. Egunero hartzen dugun erabaki bakoitzean. Baina batzuentzat politika bakarrik da elkartasun adierazpen bat egitea, salaketa bat burutzea. Haientzat politika egitea da bazterrak nahastea.