Urteekin ikasi dut ezetz esaten, eta baita baietz esaten ere. Saiatuko naiz hobeto esplikatzen: ikasi dut ez dela ezer gertatzen egiten dizuten proposamen bati ezetz esaten badiozu, ez duzula gainerako azalpenik eman behar, ezin duzu eta ezin duzu, kitto. Baina, aldi berean, ikasi dut gauza askori baietz esaten. Egitea gustuko ditudan gauza askori esan diot bizitzan ezetz beldurragatik, nagikeriagatik, lotsagatik, nekeagatik… Gaur, aldiz, ikasi dut aukerak ez direla beti bueltatzen, eta lagunak proposatzen badu: joango gara Bartzelonara ez dakit noren kontzertua ikustera?, edo, joango gara asteburua pasatzera ez dakit zein mendi puntan dagoen txabolara?, nire lehen erantzuna bai da, eta gero begiratzen dut posiblea den ala ez. Baina jarrera baiezkoa da beti proposatzen didatena gustatzen bazait.
Askotan guk geuk jartzen dizkiogu mugak geure buruari. Proiektu berritzaile batean parte hartzea proposatzen digute eta ezetz erantzuten dugu ez daukagulako haren arrakastaren bermerik edo ez dugulako gure burua kapaz ikusten aurretik egin ez dugun zerbait egiteko. Zenbat aldiz esan diogun ezetz plan erakargarri bati etxean bero-berotan egoteak ematen digun segurtasunetik irteteak beldurtzen gaituelako; zenbat harreman geratu dira erdibidean ez dugulako adorerik izan aurrera egiteko edo ez dugulako auto-estimu nahikorik izan geure burua erakargarri sentitzeko.
Adinarekin gauza asko galtzen ditugu, azalaren gaztetasuna eta gorputzaren arintasuna, besteak beste. Baina zenbat gauza irabazi ere. Hauen artean ikasten dugu gustatzen zaigunari baietz esaten, aukera agian berriz bueltatuko ez dela buruan, eta gustatzen ez zaizkigun proposamenei ezetz. Azalpenak emateko beharra sentitu gabe. Ezetz esateagatik gaizki sentitu gabe. Ezin dut eta kitto.