Udak ospa egin nahi ez duen honetan, zeru gaineko eguzki etengabearen eraginez mendi bazterrak gero eta idorragoak dauden honetan, harresietatik iparraldera begiratu eta, aspaldian, Iruñerriko mendi-lepo garbietatik beheiti euri-hodeirik ez datorren honetan, ezin jakin zerk eraginik gorritzen ari diren zuhaitz-hostoak, hau da, idorte gaitzaren ondorioa ote den edo urria aitzina joatearen emaitza. Nolanahi ere, gauzak aldatu ezean, nekez ernamuinduko dira Iruñea inguruko nekazariek alorretan laster ereinen dituzten gari haziak. Arrotxapeko zubira jaitsi, eta mantso eta nagi heldu da Arga, urlasterrik gabe, gero eta urpeko harlauza gehiago utzirik agerian, ur xirripa bilakaturik. Iduri du edozein unetan eten eginen zaiola isuria, Arga bazterrean ezker-eskuin begira gabiltzan bitartean. Artxibo Nagusia han goian.

Gero, San Pedroko zubia, Arantzadiko zelaiak, Madalenako etxeak eta baratze-sail emankorrak, Lagun Artea elkartea, ezkerraldeko erripa luzea, Burlatako dermioa, Intxaustia, ezkerraldeko Erripagaña (konponbidearen zain dagoen auzo berri nahasiari izena eman diona), eta aitzinago, Atarrabiako lurrak, Argaren eta Ultzamaren elkargunea, heldu den urtarrilean eraitsiko duten lantegi zaharra, Atarrabiako karrika luzea, eta harataxeago, Tipulazorroen eremua. Ibilaldi ederra zinez oinez egiteko. Gaurko igande honetan bereziki ederra eta jendetsua, dagoenekoz 55 urte bete dituen Paz de Ziganda ikastolaren arrimuan.

Ahanzturan gelditu den Maria Paz de Ziganda Ferrer emakume iruindar euskaltzaleari zor dio izena, hots, gerra aurrean Iruñeko Euskeraren Adiskideak elkartean eta ingurumenaren aldeko ekimenetan aritutakoari (ikus Fermin Erbitik gaur orrialdeotan bertan idatzitakoa). Egun aproposa, beraz, haren omenetan oinez ibiltzeko eta ikastolen lana eta balioa aldarrikatzen jarraitzeko.