Pedro Sánchez presidente espainiarraren ateraldiak direla-eta ohituta egongo beharko ginateke dagoeneko, baina beti dira harrigarriak, nire ustez, ustekabekoak eta, zergatik ukatu, apur bat barregarriak arerio eta lagun politikoak jokoz kanpo jartzeko duten trebetasun makiavelikoarekin. Ordutegia aldatu behar den astean bertan atera zaigu oso serio azaltzeko laster proposatuko duela Europan ordutegia urtean bitan gehiago ez aldatzea, haren eta beste askoren ustez, orain dela asko ordutegiak aldatzeko egon ziren zioek, energia aurreztearekin lotuta, ez baitute gaur egun zentzurik. Ondorioz, Espainiako Erresuman, beste guztia ahaztu, eta bai politikariak, bai hedabideak, bai sare asozialak hor daude jo eta ke funtsean garrantzi gehiegirik ez duen kontuaz, ordutegi aldaketez alegia, eztabaidatzen. Ni neu erortzen ari naiz segadan, horrela deitzea zilegi bazait.

Gobernu espainiarraren ministro batek adierazi du Europako ez dakit zen batzordetan erabaki behar dutela berehala, 2026 baino lehenago, ordutegiarena eta, beraz, Sánchezena ez dela burutazio apetatsurik izan. Badirudi jendearen artean kontsulta bat egin ondoren Europako Parlamentuak erabaki zuela ordutegia urtean bitan ez aldatzea, baina gero afera trabatuta gelditu zela estatuak ez baitziren ados jarri (ezaguna da estatuak jaun eta jabe direla Europar Batasunean).

Hamar egun emango dugu polemika dibertigarrian, udako ordutegia dela onena, negukoa dela osasuntsuena eta abar. Irakurri ditudan txio batzuk barrez lehertzekoak dira, badira uste dutenak neguko ordutegia udan izango bagenu egunak laburragoak izango liratekeela. Agian ETBn eguraldiaz arduratzen direnek dibulgazio saio pare bat eman beharko lukete.

Nik uste dut Espainian eta Hego Euskal Herrian azken erabakia ostalaritzaren esku geratuko dela, horixe bai gure benetako jaun eta jabe.

Orain dela urte asko Anjel Lertxundik ordutegi aldaketaz idatzitako zutabe batean Harold Lloyd aktorea, ordulari batetik zintzilik, ekarri zuen gogora. Pedro Sánchez serio demonio ordulari batetik zintzilik irudikatzen hasi naiz.