Síguenos en redes sociales:

Ongi merezia

Ongi mereziaOskar Montero

Euriak bide egin du Xabier Olarrak 1983an James M. Cain estatubatuarraren Karteroak bi aldiz deitzen du beti euskaratu zuenetik. Orduan bakanak ziren bertze hizkuntzetatik gurera ekarritako liburuak. Euskal kulturak ez zuen itzulpengintza alor estrategikotzat hartzen. Euskaldunak auzoko erdarak, bertze biderik ez zuen kanpoko literatur lanetara iristeko. Egun, berriz, duela 40 urte amestuko ez genituzkeen idazleak irakur ditzakegu gure hizkuntzan. Halako lanen argitaratzaileak ere ugaritu dira, baita itzulgai diren autore, genero eta korronteak ere. Ahantzi gabe euskarazko itzulpenen kalitateak zenbateraino egin duen gora.

1983ko Olarrarenkarteroa postari bilakatu zen 2005eko argitalpenean. Handik hona, zenbat lan, zenbat autore, Nafarron finkaturiko tolosarraren esku nekaezinetatik gureetaraino ailegatuak: Joyce, Hammett, Al Aswani, Mazzetti, Tolkien, Queneau, Thompson, Márai, Bierce, Capote, Hemingway, Stevenson, Faulkner… Ahantzi gabe berak sorturiko Igela argitaletxean bere bulkadaz plazaratu direnak. Itzulpengintzan aitzindari eta maisu ez ezik, itzultzaile tropa handi baten aurkitzaile eta bide-erakusle ere izan baita Olarra. Nafarrak dira haietarik aunitz.“Itzulpena da gure zibilizazioaren oinarria”, idatzi zuen Andu Lertxundik Itzuliz usu begiak bere saiakeran. Liburu horretan,oriotarrakmaila bereko egin zituen itzulpena, sorkuntza eta irakurketa; bazterreko fenomenoa gabe, sistemaren habe nagusi, bertze biekin batera. Itzulpengintzari esker biziberritzen da hizkuntza, aberasten literatura eta indartzen sistema literarioa. Xabier Olarra, eta harekin batera bertze hainbat, hori ulerturik ari izan da hamarkada hauetan. Ongi merezia du Madrilen bere obra osoari eman dioten saria. Igandean egunkari honek egin zion elkarrizketanikasi nuen bertze lan bat duela esku artean. Irakurtzeko irrikan, behin berriz.