Mendea hasi zenetik, errotik aldatu zaizkigu biztanleriaren zenbatekoa eta nolakoa. Gero eta jende gehiago baikara Nafarroan, bai eta anitzagoa ere, jatorriari dagokionez. Zalantzarik gabe, sekulakoa da arlo aunitzetan hona lan egitera etorritakoen ekarpena. Orain, heldu da jende hori guztia euskararen mundura erakartzen saiatzeko tenorea. Erronka handia da hori. Izan ere, nekearen nekez hona iritsi eta arrunt baldintza kaskarretan bizi denak etxebizitza, lana eta paperak ditu kezkabide.

Horrekin batera haurrak eskolatzea. Harrera-teknikariak saiatzen dira kezka horiek guztiak argitzen, haiek izaten baitute lehen harremana etorri berriekin, bai eta gizarte hezitzaileek ere, eta haien bidez hartzen dute etorri berriek Nafarroari buruzko lehen argazkia, baita irakaskuntzaren gainekoa ere.

Bada, Nafarroako hizkuntza aniztasuna ere hartu beharko litzateke kontuan etorri direnei ematen zaien informazioan, euskarak gizarte loturak sendotu eta aukerak irekitzen baititu, jendea gizarteratzeko bidea izateaz gainera. Bistan denez, etorkinek hori guztia sumatu beharko lukete, baita Iruñerrian ere (ez soilik euskara gehiago aditzen den ibar eta herrietan) eta, horretarako, harremanak ehundu eta sakondu behar dira.

Horretan ahalegintzen ari da Euskarabidea eta proposamena ere egin du foru gobernuan, migrazio politikez arduratzen den departamentuak gaia jorra dezan. Ekintza zehatzak ere proposatu ditu; bertzeak bertze, ikastaro bat ematea harrera-teknikariei, etorkinekiko harremanetan Nafarroako hizkuntza aniztasuna aintzat har dezaten eta, konparaziora, irakaskuntza publikoak zer eredu eskaintzen dituen azal diezaieten. Dena den, euskalgintzan diharduten erakunde eta eragile guztiek ere etorkinekiko harremanak landu beharko lituzkete, nafar berriek suma dezaten euskara zubia dela, eta ez, hesi.