Urtea bukatzear garen honetan, komunikabideetako goiburu gehientsuenak arranditsuak dira. Urre kolorea eta dirdira dira nagusi. Urtez pasatzea bera ere, egutegi bat kendu eta berria jartzea, arrakastaren seinale bailitzan.
Relacionadas
Arrakastaren ispilu da, ezbairik gabe, Javier Castillo idazlea (Malaga, 1987). El susurro del fuego argitaratu berri du eta Top1 da Netflix-era egokitutako El cuco de cristal liburuagatik. Bere emaztea ere ezaguna da, Vero Diaz influentzerra. Elkarri egiten diote publizitatea, batak bestea zein ona den esanez. Birakari egin den elkarrizketa bat ere eskaini dute, hain arrakastatsuak izanik, beraien arteko sekretuak zeintzuk diren jakinaraziz.
Kontua da, Javier Castillok, bere azken liburua Tenerifen kokatu duela eta zergatiaz galdetu diotenean, zera erantzun duela: iruditzen zaiola, jendea, itzalita doala bizitzan zehar. Bizitzaren zigorra antzematen zaiela, alegia. Familiarekin Tenerifera oporretan joan zenean konturatu zela, irlek sua dutela barrenean eta bertako jendeak su hori erakusten duela bizitzan ere. Horregatik egokitu duela bere azken liburua Tenerifen, barruan daraman su hori antzeman dadin.
Urtea bukatzear garen honetan, konturatu naiz, komunikabideetako goiburu gehientsuenak arranditsuak direla eta, irakurleok, urre kolorea eta dirdira nahi eta behar dugula. 2025 urtea, oro har, ez baita erraza izan eta Castillok esan bezala, gero eta jende gehiago baitoa kalean zehar, itzalita.
Ni Kanariar irletan bizitakoa naiz. Aitaren lana zela eta, familia hara joan zen bizitzera aldi batez. Eta umetako argazkiak ikusita, argi dago lurraren suak zelako eragina daukan. Janaria egiteko nahikoa baita harri artean sartzea.
Su horren beroa biguntzeko, ordea, uretatik ez omen nintzen ateratzen eta hango urak hotzak izanik, giltzurrunak gaixotu zitzaizkidan. Bizitzaren surik onenak ere badu bere ifrentzua. Eta biak orekatzean datza arrakastak. Bizitza oreka baita.
Hala ere, arrakasta bakarrik erakusteko joera daukagu. Eta arrakasta orok bere itzala duela jakin arren, itzalik ez dugu nahi.
2026 argitsua izan dadila, beraz.