Diego San José Castellano (Irun, 1978) komedian espezializatutako telebista eta zinema gidoilaria da. Vaya Semanita, El Intermedio, Qué vida más triste edo La noche de José Mota bezalako programetan ikasi zuen ofizioa. Eta 2009az geroztik ari da zinemagintzan ere. Urte horretan Malagako Festibaleko Gidoi Nobel onenari saria jaso zuen Borja Cobeagarekin batera eta, bereak dira, besteak beste, Ocho apellidos vascos, Ocho apellidos catalanes, Tenemos que hablar, edo Superlopez komikiaren zineramarako egokitzapena. Babarrunak irabazteko adina ikasi duela, alegia.

Kontua da, Yakarta lanagatik Feroz saria eman diotenean, gorputz heziketako irakasle bati egin diola Diegok eskaintza. Cipriano izeneko irakasle bati. Eta kazetariek eskaintzaren zergatiaz galdetu diotenean, Diegok jakitera eman du, gimnasian txarra zelako dela gidoilari eta horregatik eskaintzen diola saria gimnasiako irakasleari.

Adierazpenok irakurtzean, ezinbestekoa egin zaigu Cipriano irudikatzea. Diegori txarra zela esanez, besteen aurrean umiliatuz, edo gimnasian txarra izanik, zertan zen ona pentsatzen joan beharko lukeela gonbidatuz. Beste hamaika hurbilketa ere asma genitzake baina, kontua da, Diego irakasleaz gogoratu dela saria jaso duenean.

Eskolan, normalean, buruarekin uler ditzakegun materiak ikasten dira. Gure barruan gordetzen ditugu ikasitakoak. Gimnasiak, ordea, kanpora ateratzea eskatzen du barruan daramagun hori eta gorputzarekin erakutsi beharra, egiteko gai garena.

Gimnasiako irakasle on batek, zure ahalmena zein den deskubritzen eta ahalmen hori erabiltzen irakats diezazuke. Gimnasiako irakasle on batek, mundua eta harremanak fisikoki antzematen irakats diezazuke. Gimnasiako irakasle on batek, emakumea bazara, zure gorputzaz baliatu zaitezkeela erakuts diezazuke eta zeure burua behar den bezala defendatzeko tresnak baliatzen.

Hainbesterako balio baharko luke gimnasiako irakasle batek… Diego San Joseri ondo atera zaio. Beste askok, oraindik, beraien indarguneak zeintzuk ziren asmatu ezinda jarraitzen dute…