Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Paskal Kaiser

Paskal KaiserX

Pascal Kaiser futbol-epaileak mutil-lagunari ezkontzeko eskatu zion Bundesligako partida baten hasieran Kolonian jendearen aurrean, modu tradizionalean eskatu ere, belauna lurrean eta eskuan kutxa bat, eraztunarekin ziur aski, Bundesligak aniztasuna bultzatzeko Diversity-Spieltag izenez ezagutzen den egunaren karietara. Irudiak hedatu ziren sareetan aniztasun, begirune eta maitasunaren adibide moduan, baina ez ziren guztien gustukoak izan, antza, hurrengo egunetan Pascal Kaiserrek gorroto mezuak, irainak eta mehatxuak jaso baitzituen; haren etxearen helbidea ere sare asozialetan agertu zen.

Kaiserrek poliziara jo zuen, baina poliziak, erakundeak, mehatxuak ez zirela ez larriak ez berehalakoak azaldu zion. Handik hogei minutura hiru gizon etxera sartu ziren jipoitzeko. Kaiserren aurpegi handituta eta ubelduta izan da oraingoan zabaldu den irudi tristea. Etxetik kanpo eta babesturik bizi da orain.

Uste dugu jendarte aske eta ireki batean bizi garela, baina argi dago esparru batzuk ez direla seguruak LGTBIQ+ jendearentzat, tartean kirola eta, bereziki, futbola, kanpainak antolatzen hasi badira ere. Txarrena da segurutzat ditugun eremuetara ere irits daitezkeela jarrera homofobo gorrotagarri horiek, gauzak nola doazen aztertzen badugu.

Pascal Kaiser ausarta izan da, agerikotasunaren aldeko ekintza gogoangarri bat burutzeagatik, ausartak diren bezala milaka lagunek munduan zehar egunerokoan bazterkeriari aurre egiten, baina hau ez da ausardia kontu bat, eskubide kontu bat baizik, libre bizitzearen aldeko kontu bat, besterik ez. Askok isilik nahi gaituzte, armairuan, diskretu, neurritsu, ez dadila ezer nabariegia izan, bestela hor daude batzuk, gizonak, ostikoka diziplina gogorra ezartzeko prest.

Pascal Kaiserren izena zikintzen hasi dira, jakina; lapurreta batean nahasita egon zela zabaldu da. Gezurra dela egiaztatu dute hedabide serioek, baina zurrumurrua hor geldituko da, nola edo hala jipoia merezi zuen. Homofobia bizi-bizirik dago.