Síguenos en redes sociales:

Bejondeiela

BejondeielaPatxi Cascante

Ederki loratuko dira hiriko almendrondoak datozen egun eguzkitsu eta epeletan, eta larri ibili, ez ote dituzten kimu berriak aterako Arga bazterreko zume negartiek, euriak puska baterako aienatu baitira, zubietan enbor kozkor eta lodiak trabeskatuak utzi dituzten ur laster eta uherrak errekan beheiti joan diren bezala. Madalenako zubia da horietako bat eta, bertzea, Arrotxapekoa. Bada, San Domingotik behera zatozela, azken zubi hori gurutzatu eta ez da berriz ere eginen eskuineko zelaian Champions Burger delako azokarik. Udalak arrotxapearren kexak hartu baititu aintzat.

Bejondeiela. Pare bat urtez jarraian egin da, alimaleko jendeketa bilduta eta hein bereko trafiko eta zalaparta arazoak sortuta. Bizilagunek diote aski eta sobra dutela sanferminetako barrakekin, urtero pairatu behar dituztela barrakek eragiten dituzten zarata eta bertzelakoak eta, iaz, gainera, leku berean azienda azoka ere egin zela hiru egunez irailean. Kontu horren atzean gure plaza eta karriken erabilera desorekatua dago, auzo batzuk izugarri zamatuak baitaude, Alde Zaharra, bereziki; eta bertze batzuetan, ordea, deus gutxi egiten da.

Onena litzateke horrelako ekitaldi jendetsuak auzoz auzo banatzea, baina, agerikoa denez, sanferminetako gauza nagusiak nekez aterako dira Alde Zaharretik. Gure gune historikoak, gainera, tiradizo berezia du urte osoan jendearendako, denetariko ekitaldiak eta parranda basak egiteko. Auzoetako peña batzuek ere Alde Zaharrean antolatzen dute beren eguna, txaranga eta guzti aterata, beren auzoak girotu beharrean. Zaila da zinez karriken erabilera mugatzea, baina ez da hain nekeza goizeko ordu txikietako botila-besta ikaragarriak eragoztea, ezta etxeetan etengabe burrunba gogaikarria sortzen duten tabernak kontrolatzea ere, Alde Zaharrean bizi garenok behingoan bejondeigula erran dezagun.