Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

José Manuel Bujanda

Aldez aurretik

Aldez aurretikIñaki Porto

Aautonomi Estatutu bat erreformatzeko prozedurak daude, noski eta hala behar. Hauexek lirateke laburki: dagokion eskualdeko parlamentuan onartu aipaturiko erreforma, Espainiako parlamentuaren babesa lortu eta, ondoren, autonomia erkidego horretako herritarren artean erreferendum batera aurkeztu. Eta onartu, noski. Eta ondoren, beti ondoren, Konstituzio Auzitegira helegitea aurkezteko aukera existitzen zen, esan nahi baita: prozedura guztiak amaitu eta Estatutua indarrean zegoenean, ez lehenago.

Baina, orain dela 11 urte, 2015ean, PP eta PSOE alderdien babesarekin, aldez aurretiko helegite bat ezartzeko aukera onartu zen Estatutua herritarren artean bozkatu aurretik. Beraz prozedura guztiak etetea ahalbidetzeko aukera ezarriaz, jatorrizko testuari buruzko haien iritzia jakin aurretik. Beraz, 50 eserleku baino gehiago dituenak Espainiako parlamentuan erreforma horren aurka helegitea aurkeztuko balu, estatutu berria ezingo litzateke indarrean sartu Konstituzio Auzitegiak eskatutako aldaketak sartu arte, hirugarren ganbera legegile batek alda zezakeen bezala.

Aukera malapartatu hau indargabetzeko proposamena legegintzaldiaren hasieran erregistratu zen EAJko presidentea den Aitor Estebanen sinadura eramanaz. Eta horrela, proposamena Mikel Legardak, EAJko lege adituak, defendatu zuen estatutuen aurkako aurreko errekurtso konstituzionala ezabatu nahiaz, EHBilduren, ERC, Junts, Podemos eta Sumarren laudorioak jasoz. Sozialistek aldiz adierazi dute ez dutela, inolaz ere, errekurtso hori ezabatu nahi.

Baina EAJrentzat aurreko errekurtso hori ezabatzea oztopo arriskutsu bat kentzeko modua litzateke. Eta nire galdera da, EAEn lortuko balitz EAJ, EHBildu eta PSEren arteko akordioa, Eusko Legebiltzarrak onartu gehiengo oso zabal batez beraz, Espainiako Parlamentuak onartu eta une horretan bertan prest al legoke PSOE aldez aurretik helegite hori aurkeztea? Edota, PSOEk ez al du autonomi autogobernu estatutu berri baten inguruko akordio batera iristeko aukerarik aurreikusten? Zergatik?