Bazatoz? Hala amaitu zen igandean Atharratzetik Bilborainoko geografia kurritu zuen Korrikaren lekukoak gordetzen zuen mezua. Gonbite identitarioa: etorri zaitez euskara izatera. Asteburuan kirioak dantzan izan ziren Korrikaren azken kilometroak Bizkaian egingo ziren eta. Gauerdian atera nintzen ni egokitu zitzaidan zatia korritzera eta gau betea zen arren harritu egin nintzen zenbat jende itxaroten ari zen euskarazko herensuge koloretsuaren etorrera.

Orduan konturatzen zara gelditzen ez den jende-tsunamia dela, ia abiadura konstantea mantentzen duen hitzezko eta jendezko animalia pozgarria dela. Onintza Enbeitari entzun nion esanez berak ere halako pena duela, arinegi pasatzen delako Korrika. Eta bai, hala da, kilometro batzuk egiten dituzu jende paketaren artean, batzuetan bultzaka, izerdi kolektiboan hatsanditurik, eta bat-batean badoa, karreteran gora badoa, beste herri bateko jendearekin lotzera badoa. Eta halako pena txiki batek hartzen zaitu. Baina hurrengoen algaretan pentsatzen duzu eta arin doa pena txiki hori. Gainera, zuzenekoa duzu Interneten, eta horra jotzen duzu ikusteko nondik doan ordu txikietan, zenbat zoro ari diren karraderan desordu horietan euskararen aldeko lekukoa Bilboraino eramatearren.

Igandean, Bilbon, euskararen, euskaldunen eta euskaltzaleen eztanda. Kale guztietan bilduriko jende elemenia batek egiten dio harrera lekukoari. Eta lekukoak azken kilometroa egiten du, eta gazte batzuek hartu eta Bilboko Udaletxeko ateraino eramaten dute. Eta gero hitzak, benetakoak, hunkigarriak. Tartean hauek: Euskara gara eta hemen gaude. Eskutik eskura trazatu dugu gure herriaren gorpuzkera. Euskara gara diogu, ez euskara naiz. Komunitateaz ari gara. Euskarak egin du gorputza. Hizkuntzak eraldaketarako tresnak dira, leku bat ematen digute bizi gaitezen. Euskarak herri hau eman digu. Azalberrituta datoz munstro zaharrak, baina gorputz bat sortu dugu. Askotarikoa, konprometitua, indartsua. Eta gaur hemen badago, egongo da bihar ere. Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude. Aurrera goaz. Bazatoz?