Aberri Eguna zer ote den. Atzokoan askotxo ahalegindu ziren galderari erantzuten. Ikurrin gutxi ikusten dela balkoietan, Aberri Egunaren garrantziaz jardun arren, gero, oporretan joaten garela, euskal herritarron arteko batasunaren sinbolo behar ote lukeen… amaigabeko itauna. Pare bat egun lehenago, Durangon, Tontolapiko Eguna ospatu zen. Landako guneko espazio irekian, 10 emanaldiko kale-antzerki egitarau paregabea. Horietako batean, traje hori deigarriz jantzita, asturiarra zela esanez hasi zen komediante batek hartu zuen zabalunea. Ikuskizun garaikide bat zekarrela esan zuen. Eta publikoa bitan banatu zuen: bere antzezlana ulertuko zutenen eta ulertuko ez zutenen artean. Txistea zirudien. Barre egiteko zerbait. Baina ez zen broma: publikoa bitan banatu zuen. Eta, berehala, publikoaren zati bakoitzak, tokatu zitzaion papera bereganatu zuela esan zitekeen.
45 minutuko ikuskizun osoan, bi malabarismo egin zituen bakarrik. Gainontzeko denbora guztia bitan banatuta zuen publikoari zuzendu zitzaion. Sarkorra zen artista. Normalean esatera ausartzen ez garen hori firta-farta botatzen zuen airera, ulertzen zion alderdiko publikoari keinu eginez. Funtzio garaikideen ezaugarri nagusia, asko promes egin eta ezer ez ematea dela azaldu zuen. Funtzioan zehar hainbat aldiz galdetu zuen zenbat denbora falta zen bere emankizuna burura ekartzeko. Ez zegoela presarik. Helduko zela. Inprobisatzen ari zela zirudien. Bere hitz-jario guztia, mezu bakar bat borobiltzeko trikimailua zela.
Bukatu zuenean, ordea, txalo zaparrada erauntsi zigun. Aldamenekoak esan zuen: “ze harro dagoen asturiarra izateaz!”. Komedianteak benetan eskertu zuen tontolapikoen artera deitu izanagatik. Nork berea defendatzeko eta saltzeko modu asko daudela ulertu genuen publikoaren alderdi batean geundenok. Beti dela momentu ona maite duzunaz eta zarenaz hitz egiteko. Nahiz eta denek ez zaituzten ulertuko, ez jarraituko.
Batzuk ez genuen arazorik izan aberria sentitzeko modu garaikide harekin ere bat egiteko. Publikoaren beste zatiak, ez dakit.