Zuri zelako kroketak gustatzen zaizkizu gehien?, galdetu dit lagunak. Gure amak egiten zituenak, erantzun nahi izan diot, baina aurreratu egin zait eta berak erantzun du galdera. Kroketa onenak beti dira amildegiaren ertzean daudenak, ireki eta masa irristaka joaten zaizkien horiek, esan dit. Arrazoi duela erantzun diot, amak egiten zituen kroketak barrutik bigun-bigun zirela gogoratuz. Haginka egitean askotan egiten zuen labain barruko masak platerera arte.
Eta sentitu dut lagunaren hitzetan badagoela zerbait sakonki egiazkoa eta sukaldaritzarekin zerikusi ez duena. Edo ez bakarrik sukaldaritzarekin. Bizitzan, orokorrean, amildegiaren ertzean dagoenak tentsio berezia izaten du eta tentsio hori dator hor dagoena ez delako egonkorra, ez delako segurua, ez dagoelako bermatuta. Izan daitekeenaren eta inoiz izan ez daitekeenaren artean zintzilik dagoen une bat da. Une erakargarria da eta gure burutik ideia argienak ateratzeko aukera ematen digun indar berezi bat du.
Erabaki garrantzitsuak, obra handiak, ideia argiak, ia inoiz ez dira hartu sofa bigun batean eroso eserita. Hartzen dira bidea estutzen denean, haizeak kontra jotzen duenean, amildegira hurbiltzen garenean eta behera begiratzeko ausardia dugunean. Hor, argitasun berezi bat agertzen da. Adorearekin zerikusia duen argi berezi bat sortzen da.
Amildegia ez da leku erosoa, baina oso leku emankorra da. Hor sortzen dira bertigoa ematen diguten proiektuak, zoratzen gaituzten maitasunak, gure bizitzak behar zituen sakoneko aldaketak.
Arrazoi du nire lagunak: gauzarik onenak ihes egitear daudela sentitzen dugun horiek dira. Bere baitan arriskuren bat gordetzen dutenak. Izan ere, bizitzea, azkenean, horixe baita: amildegira hurbiltzea, behera begiratzea, bertigoa sentitzea... baina, hala ere, beste urrats bat egitea aurrera. Egin berri diren kroketak ahora sartzea nahiz eta aurretik jakin mingaina erreko dugula.