Síguenos en redes sociales:

Lehen fandangoa

Lehen fandangoa

Mugimendu handia gaur Izpegin, Ibañetan eta Urkiagan, 1979tik honat apirileko azken igande oroz ohi denez. Belaunaldiak joan, belaunaldiak etorri, hor da beti Baigorriko Nafarroaren Eguna. Eta muga ere bai. Mugaz bi aldeetako jendeen arteko harremanak berezkoak izan dira mendez mende, eta ez dira gutxi izan gero “bertzaldera” lanera joandakoak, izan mugaz iparraldera, izan mugaz hegoaldera. Baxenabarreko abizenez beterik dago Nafarroa Garaia, garai batean handik honat izaniko jende isuriaren erakusgarri.

Batzuek eta bertzeek, halaber, ederki baliatu dute muga ihes egiteko, babesteko, kukutzeko edota bizimoldea gaueko lanean ateratzen laguntzeko. Izan ere, hamaika istorio gertatu dira, fardelak bizkar gainean harturik eta kopetakoarekin kopetari loturik garraiatu dituzten jendeen eskutik, beren helmugara onik iritsi nahian, mugazain ororen begiradatik urrun. Etxalar aldean, “eltzetzu” erraten zieten mugazainei. Eugi aldean, “oihan-zorri”. Eugi eta Urepele. Urepele eta Eugi.

Urkiaga erdian egonik ere, ezin lerro gutxitara ekarri zer-nolako harreman handiak ehundu diren urepeldarren eta eugiarren artean mendez mende arlo guztietan, harik eta ohiko bizimodua aldatzen hasi zen arte; harik eta Esteribarko jendea erdaldundu zen arte. Kintoko eta inguruko oihanak, bideak eta bordak izan dira horren lekuko.

Eta Maria-Martina-Simona Sansinena Laxague andrea ere bai. 1847an sortu zen Agorretan. Aita eta ama, berriz, Urepeleko Martintxoenekoak ziren. Kontua da aita zurgina eta teilatugile trebatua izanik, lana hitzeman ziotela Agorretan, eta familia osoa joan zen Esteribarko herri horretara bizitzera. Bada, Agorreta eta Urepele artean bizi izaniko andre horren bizitza bildu du Mixel Ernagak, Urepeleko auzapez izanikoak, “Lehen fandagoa” izenburuko liburu gozagarrian, garai bateko harremanen oroigarri.