Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Pentsa

PentsaUnai Beroiz

Asteburuan bi irakurketa gurutzatu zaizkit. Izaskun Indakoetxea irakasleak Berriako iritzi atalean formulatu duen galdera: “Zer gertatzen zaie gizonei?” eta Luis de la Fuentek, futboleko hautatzaile nazionalak idatzi duen La vida se entrena cada día autobiografiak. Izaskunek dio, ikasleei Cesar Chavez AEBetako sindikalista famatuaz hitz egitean, emakumeak bortxatzen zituela ere azaldu behar izan ziela. Eta, une horretan, gizonei zer gertatzen zaien galdera sortu zitzaiola; batez ere, zenbat eta boteretsuago izan, are eta indarra gehiago erabiltzen dutenean. Amorrua ematen diola zioen, Chavezen inguruan zirenek, nola ez zuten ezer salatzen. Gogoratzen zuen baita ere, herrian bazela balkoitik zakila erakusten zuen gizonezko bat eta inork ez zuela ezer egiten. Platanito deitzen ziotela. Eta kitto.

Nik gogoratzen dut, behin, lagunekin mendira joan ginela masustak jasotzera. Eta, momentu batean, atzetik gizonezko bat agertu zitzaigula, kanpaia dinbili-danbala zuela. Oin-bidetik atera eta larrean bera egin genuen ziztuan ihes, herrira iritsi ginen arte, bernak odol finean. Etxean, gizon hura “gaixua” zela esan zidaten eta gehiago mendi hartara ez joateko. Masustak irudikatu nituen nik, lurrean zapalduta. Bortxa azaldu eta isildu egiten zeneko garaiak bizi izan ditugu. Behin, ikastolatik atera eta patioan entzun nuen emakume bat beste bati esaten: “hala ere, gizonak ez zaitu jotzen…”.

Eta gero, irakurtzen duzu Luis de la Fuenteri bere liburuaren karira egin dioten elkarrizketa. Eta Rubialesi txalo egin zion hautatzaileak bi perla fin botatzen ditu. Bata, bere bizitza futbola dela. Horretarako bakarrik bizi dela. Eta eskerrak hori ulertzen eta sufritzen duen familia bat duen. Bere ekiporik onena, etxekoak direla. Eta, bestea, berak emakumeak asko errespetatzen dituela. Begira zergatik. Emakumez inguratuta bizi izan delako beti: amarekin, izebarekin, amonarekin, arrebarekin eta anai-arrebak zaintzen zituen zaintzailearekin. Pentsa.

Eta finitzeko, liburuak dakarren berritasunetako bat zer izango eta honela dio: futbolariei potroak erakutsi gabe ere irakats dakiekeela.