Bizikletan noanean eta eskuinera egin nahi dudanean, ez dut inoiz biratzen eskulekua zakarki. Gorputza eskuinerantz okertzen dut pixka bat eta, poliki-poliki, nire bizikletak norantz joan nahi dudan ulertzen du eta ondo trebatutako zaldi batek bezala obeditzen dit. Uste dut bizitzan ere horrela ibiltzen garela geure lekuaren bila, bat-bateko mugimendu zakarrik egin gabe, pixkanaka goaz okertzen alde batera edo bestera. Helmugara ez gara egun batetik bestera heltzen, ibilbide luze baten ondoren baizik.
Bat-bateko aldaketak ia inoiz ez dira aldaketa errealak, edozein aldaketak prozesu bat behar duelako. Adibidez, ezinezkoa da heriotza bat gainditzea doluaren prozesua pasatu gabe; alferrikakoa da baita esperientziaren prozesua igaro gabe gauza handirik ikasten saiatzea. Gauza guztiekin gertatzen da. Argaltzeko dietatik hasi (bakarrik dira eraginkorrak denboran irauten badute eta gure organismoan aldaketak pixkanaka eragiten badituzte) eta lagunetara arte (adiskidetasunak ere behar du bere denbora eraikitzen joateko konfiantzaren bitartez, akatsen bitartez, barkamen, poz eta tristuren bitartez). Askotan pentsatzen dut bizitzako gauzarik zailenetako bat norberaren lekua aurkitzea dela, edo gaur betetzen duzuna zeurea dela sentitzea. Oso ohikoa da noizbehinka sentitzea ez gaudela dagokigun lekuan eta egun batetik bestera dena aldatu nahi izatea, antsietate existentzialak jota.
Gizakiok askotan dugu bat-bateko bira bat emateko tentazioa, daramagun bizitza utzi eta hutsetik berri bat hastekoa. Baina, horrelako erabaki drastikoek, bat bateko bolante-kolpe horiek, gehienetan ez gaituzte leku idealetara eramaten. Nora iritsi nahi duzun argi baduzu, hobe da pixkanaka alde horretara okertzen joatea, bizikletan bezala, bat bateko norabide aldaketek askotan istripuak eragiten baitituzte.