Lau hezitzeko modu omen daude. Eta txikitan segun eta zer nolako heziketa jaso duzun, nagusitzean halakoa izango omen zara.

Behin, hilekoa agertu zitzaidan lehenbiziko egunean bezala, biok bakarrik egoteko momentua eta lekua aurkitu eta alabari ezagutarazi behar zionaz hitz egin zidan amak. Emakumetik emakumera. Bi gauza izan behar nituen oso kontuan: batetik, nire aurretiko emakumeek lortutakoak aintzat hartu eta aplikatzea: bozkatzeko eskubidea, kontu korronte propioa izatea, etxetik kanpora lan egitea, eta antisorgailua. “Zure buruaren jabe izateko behar dituzun ezinbestekoak dira” esan zidan. Eta gero zeuden endaz, belaunaldiz belaunaldi, jaso ditugun bestelako jakin beharrekoak: gizalegez jokatzea eta lana egitea zure herria altxatzeko. “Ez zure burua goratzen ibili eta borrokatu besteek ontzat hartu ahal izango dutena erdietsi arte”. Txaloak eta onarpena ondotik etorriko zirela azaldu zidan. Ondo ari bazara, aisa jakingo duzu.

Emakume zorrotza zen ama, txalo askorik gabea.

Gaurko heziketa mota batzuen osagai nagusietako bat norbere burua babesten ikastea da. Eta arerioengandik defendatzen jakitea. Bai eta gerrako taulan irudikatu ditugun balizko etsai horiek zure auzoko, komunitateko edo herriko bizilagunak badira ere. Lana tamainan egin behar dela esaten ikasi dugu orain, gurea dena exijitu behar dugula, inori adarrik jotzen ez diogula utzi behar eta, ahal bada, lehenak izatea lortu behar dugula. Berdin da zertan, kaka egiten bada ere, baina lehenak. Eta inola ere ez dugula zain geratu behar. Joan eta hartu egin behar dugula, eta nahi duguna eskuratzen ez badugu, protestatu egin behar dela, norbanako indartsuek osatzen dituztelako gu boteretsuak.

Amak esana da baita ere, desio duzun hori zuretzat bakarrik gorde behar duzula. Agerikoegia egiten baduzu, beti egongo delako norbait desioa izorratuko dizuna. Benetan ederra dena zera da: desio edo helburu bera konpartitzen duten pertsonekin topo egitea eta horiekin lanean aritu ahal izatea.

Horiekin ez daukazu lausenguen zain egon beharrik, eta badakizu ondo ari zarela.