Egoerak beste aldean jarri ninduen atzo, eta atzoko bertsolari txapelketa nagusiko finala pantailaz eta internetez bizitu nuen, goizeko konexioak hutsegin bazidan ere EITBn, arratsaldekoa oso-osorik ikusi nuen www.bertsoak.com-en.

Ametsetan bezala iratzarri nin-tzen goizean goiz ene maitearekin amets polit batetik eta errealitatean bakarrik nengoela ohartu nintzen, lan-egoerak hala behar-tzen gaituela, hura Eslobakian eta ni, berriz, Txekian. Ametsetan bezala piztu nuen ordenagailua atzerrian finala ikusteko irrikitan, baina interneteko konexioa eteten zen aldika, eta egoerak urduritu ninduen neure bakardadean, ezin dut derrigortu inor maita nazan entzun niolarik Unai Iturriagari. Aitor Sarriegik, berriz, konexio eta deskonexio artean, bata bestearen mina onartu behar dugula esan zuen. Ejem, bai, hala da, Unai, Aitor?

Bazkalondorengo kafearekin batera, konexioa hobeagoa zen, eta saio osoa etenik gabe entzun ahal izan nuen, kartzelakoak eta bestelakoak. Buruz burukora duela lau urteko bi bertsolari berberak iritsi ziren: Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio. Sudur gorria jantzi zuten eta irribarrea ezkutaleku, ene bihozmina goxatzea lortu zuten. Penak ahaztuta, sudur gorria jan-tzi eta bisitan joango natzaizue alaitzeko gure bizitza.

Altzoa edo magala da helduok dugun seaska, eta definizio hori gustatu zitzaidan, milesker, Maialen. Pena pixka bat hartu nuen txapela Maialenen buruan ez ikustea bigarrenez, baina gero pentsatu nuen bertsolari txapelketa ez dela nolanahiko leiha, ez dela beste edozein leihaketaren antzekoa. Bertsolari txapelketa batean ez dagoela galtzailerik eta denok garela irabazle, eta batez ere atzoko BECeko finalean zortzi txapeldun ikusi nituela oholtza gainean.

Txapela Ametsen buruan ikusteak itxaropenez bete zuen ene bihotza, eta beharbada ametsak errealitate bihur daitezkeela ohartu nintzen, benetan horretan sinesten badugu eta gure bihotzean maitasuna besterik ez dagoen bitartean. Horregatik ametsetan bezala, afaldu eta ohera joan nintzen ametsetan murgiltzera, beharbada eta seguru ene maitearekin ezkon-tzeko eta bizitzeko ametsa errealitate bihurtuko dela pentsatuz. Aberrira itzultzeko garaia dut, hemen atzerrian bihotzaren zati handi bat uzten dudalarik, halabeharrez eta penez.