Ignacio Perurena Borobia jaunak 1992an egindako azterlan bati esker dakit gure odoleko perurenatarrak Iruritako Perunea etxetik omen datozela. Haietako bat, Miguel de Perurena, 1619an ezkondu zen, eta hara zer ekarri zuen Catalina de Zapataguillearena andregaiak Iruritako Perunera: "La suma sesenta ducados, la mitad en dinero y la otra mitad en ganado vaquio (?) y ademas de auriches diez borregas, una puerca y una nobilla". Nire belarriak, ariches hori testubarren horretan aditzean, gure alderdi honetan erruz erabilia den aretxe hitzarekin lotu zuen. Eta orduantxe hasi nire zentzu ilunok hara eta hona argi bila.
Hala dio kontzeptu honetaz Eulogio Zudaire jaunak: "Por auriche se debe entender la donación de ganado como complemento de la dote matrimonial". Auskalo nondik eta noiztik datorren hitza, baina XV-XVII mendeak artean maiz ageri dela bai dokumentatua. Mª Rosa Ayerbe Iribar andereak biltzen du datu franko kon-tzeptu honi buruz. Ikus Wikipedian: "Los auriches en el derecho privado del Baztán navarro (s. XVI) datos para un concepto".
Mª Rosak dio dotea edo arreoa hobetzeko gehigarria zela aurichea, diru, arropa, azinda edo zernahi jenerotan emana. Ez dut ukatuko denboraren buruan hala bihurtu ez denik, baina, hala ote zen sorreran? Nik ezetz uste. Mª Rosak berak jasotzen dituen XVI mendeko datu gehienetan ikusten baita auriche hori bakar bakarrik ganaduari dagokiola. Horregatik nere ustea auriche hori sorreran euskarazko aretxe hutsa izan zitekeela. Esan nahi dut, etxaldeko dote edo arreo orotan gehitzen zen borondatezko sari printzipala, aretxea izanen zela, garai hartan behiak zuen berebiziko garrantziagatik.
Eta ez uste datuak galtzarbetik ateratzen ari naizenik. Oraintxe irakurri berria baitut Álvaro Aragón Ruano oiartzuarraren La Ganadería Guipuzcoana durante el antiguo regimen liburu interesgarria, eta han ikus liteke ederki behizaintza izan dela errege gure medibasoetan, XVIII mende erditsuan artzantza gailentzen hasi zen arte. (Ikus batez ere, 201-241 orriak). Eta dudarik ez, Gipuzkoako datuok kasik beren osoan aplika litezkeela Nafarroako mendialde osora.
Nire oroitzera arte gorde da ezkontzen denari artantzu urruza doteari erantsita borondatezko sari gisan emateko ohitura. Gure aitari askotan aditua: "Aitona zena Joan Josek, hil aurretik, artantzu urruza berexita utzi izandu omen zien ni ezkontzen nitzenerako". Ama ere kexu izaten zen jaiotetxean agindutako artantzu urruza eman ez ziotelakotz ezkondu zenean. Eta nik uste usario hau behizaintzari ar-tzantza gailendu zitzaionekoa ote den. Baina lehen, behizaintza nagusi zenean, ez ote zen oraingo artantzu ordez aretxe urruxa izanen borondatezko saritzat doteari gehitzen zitzaiona? Auriches zorioneko hura, alegia? Halaxe duzu nire ustea, eta hartaxetik gelditua dela auriche kontzeptu zaharra Baztango ezkontza kontratuetan.
Ageri ere, ageri, kopla zahar gehienetan ageri den aretxe (edo biga) hori, ezkontza dela medio ageri baita, beraz, herentzia kontuetan, eta ondorioz auriche kontuetan, gutxienez sorbide eta hedabide ere izan litekeen lerro frankobaztandarrean. Baina alderdi hau, koplaz kopla azter-tzerena, (Fernando Maioraren 1600.eko erlikia berria barren), beste baterako utziko dizut. Bien bitartean, zure esku nere arrazoi eskasok hankaz gora botatzeko lana. Edo ttentteago paratzekoa. Nork esan?